Bergarako Txistulariak taldeko kideak aurrean zirela abiatu da memoria-martxa Osintxuko plazatik 12:30ean. Txistularien atzean joan dira fusilatutakoen senideak Ricardo, Tomas, Ildefonso, Rufino eta Jose. Gure oroimenean beti zioen pankartarekin, eta ondotik auzoko zein inguruetako herritarrak. Tartean, Bergarako alkate Gorka Artola. Oinez egin dute guztiek bost fusilatuen omenez Osintxuko sarreran dagoen harrizko monolitorainoko bidea.
Xabier Arregiren hitzartzea, Maddi eta Irenek gitarraz lagunduta eskainitako bi pieza, Manex Agirrek dantzatutako ohorezko aurreskua eta lore-eskaintza egin dituzte monolitoa dagoen belardian.
"Oroimenak min egiten du"
Hunkituta jarraitu dute ekitaldia bertaratutako senitartekoek. Enrique Errasti Garaikoetxea 1936an fusilatutako Jose Garaikoetxea osintxuarraren biloba da. "Urteroko ekitaldi hau oso garrantzitsua eta hunkigarria da guretzat. Gure ama jaio gabe zegoen aitajauna fusilatu zutenean. Ez zuten elkar ezagutu. Ama hemen da gaur ere. Gure amamak asko sufritu zuen eta ezer gutxi esaten zuen garai haietaz. Hemen gaude aitajauna oroitzen dugulako, amamak bizi izandako guztia ahazten ez dugulako, eta gaur egungo gertaerak hartzen ari diren norabidearekin kezka handia dugulako", esan du.
Antzerako gogoeta egin du antolakuntza taldeko Xabier Arregik ere. Pozik zen memoria-ekitaldira bertaratutako herritar kopuruarekin. "Zorionez Ricardo, Tomas, Ildefonso, Rufino eta Joxeren izana bizirik dago. 90 urte eta gero herri honek ez du ahaztu hemen gertatutako bidegabekeria", esan du. "Orain 15 urte osintxuarrek asmatu zuten s
Egungoarekin oihartzuna
Arregiren ustez orain dela 90 urte gertatutakoek, zoritxarrez, oihartzun egiten dute egungoekin. "Azken bost urteetan gutxienez oso albiste kezkagarriekin eta beldurgarriekin esnatzen ari gara egunero-egunero. Faxismoaren gorakadaz hitz egiten da. Beharbada gertaera historikoak ez dira errepikatzen baina bai egiten dute oihartzuna. Herritarrok gogoan eduki behar dugu pasatakoa berriz ere horri aurre egitea tokatzen baldin bada aurre egin diezaiogun; izan ere, gizon-emakume guztiek merezi eta behar dugun bakezko egoerak eskatzen du faxismoaren idealak gainditzea.
Aurtengo ekitaldia eginda, hurrengo urtera arte agurtu dira bertaratutakoak. Urteurren ekitaldiekin lotuta, Joseba Tapiaren kontzertua izan zen bezperan Osintxuko Txuringon.