Marin eta Leintz Gatzagako fusilatuen ondorengoak "hunkituta" egindako aitortzarekin

Larraitz Zeberio Lekuona

Lore eskaintza Marin elizateko memoria-ekitaldian.

Xumeak bezain hunkigarriak izan dira Eskoriatzako Marin elizatean zein Leintz Gatzagan gaur egindako memoria-ekitaldiak. 1936ko udazkenean fusilatutako herrikideak izan dituzte gogoan, eta, baita ere, haien familiak. Antolatzaileek azpimarratu dute memoria egitea hildakoak oroitzea baino gehiago dela; "faxisten krimenak salatzea ere bada".

Marin elizatean eta Leintz Gatzagan ez dute nahi 1936ko udazkenean gertatutakoak ahanzturan gelditzerik.  Dakitela frankistek hamahiru lagun fusilatu zituzten. Marin elizateari dagokionean Emeteria Casimira Aranburuzabala Beitia, Apolinar Uribe Urteaga, Francisco Biteri Beitia, Tomas Zubizarreta Errasti, Teodoro Errasti Izurrategi eta Jorge Iturricastillo Aranzabal. Leintz Gatzagan, berriz, Hilario Arana Zubillaga, Leon Beitia Errasti, Manuel Etxabe Zabaleta, Anselmo Elgoibar Gorostiza, Jose Idigoras, Valentin Lamarain Elgoibar eta Jose Salterain Elgoibar.

Preso hartu, denbora luzez haien berririk jaso ez, eta, halako batean, Hernaniko hilerrian fusilatuak izan zirela jakin zuten senitartekoek. Gero, ia 90 urteko isiltasuna.

Aitortza Marin elizatean

Memoria Bizirik ekimenak bultzatuta bi ekitaldi egin dituzte gaur goizean. Lehenengoa Marin elizateko eliza parean izan da. Sei fusilatuen izenak daraman plaka inauguratu dute ehun bat lagunen aurrean, tartean zirelarik Eskoriatzako zein Leintz Gatzagako alkateak. "Fronteak sei hilabete iraun zituen Marinen. Hiru segada izan ziren hemen. Zergatik eraman zituzten? Ez dakigu. Seguruenik beldurra zabaltzeko estrategia izan zen. Eraman, preso eduki, aske uzten zituztela esan eta Hernaniko hilerrira eraman zituzten fusilatzeko. Epaiketarik gabe fusilatu zituzten. Herriaren kontrako eraso bat izan zen", azaldu dute Memoria Bizirik ekimeneko lantaldetik.

Aitortza "publikoa eta iraunkorra" egin dute Marinen, "eta faxismoa zer den ez ahazteko ariketa". Horregatik ipini dute plaka elizaren aurrean. Aurrerantzean memoria-gunea izango da senitartekoendako zein Maringo auzotarrendako. Aurreskua eta lore eskaintza egin dituzte sei biktimen izenak daraman plakaren aurrean. Emeteria Aranburuzabala Beitiaren bilobak idatzi bat irakurri du.

Aitortza Leintz Gatzagan

Leintz Gatzagako Arrate baserriaren azpiko zelaian izan du jarraipena aitortza-ekitaldiak. Txalaparta doinuekin hasi da saioa eta Leintz Gatzagako alkate Dorleta Elkorobarrutiak eta lau urtez kartzelan egondako Benito Elkorobarrutiaren alaba Pili Elkorobarrutiak hartu dute hitza. "Memoria egitea ez da soilik hildakoak oroitzea. Faxisten krimenak salatzea ere bada", esan du alkateak. "Orain gure ardura da arakatzen jarraitzea. Familiekin kontaktuan jarri eta informazioa batzen segitzea. Ea lortzen dugun dugun informazioa webgune batean jasotzea".  

Bi dantzarik aurreskua dantzatu dute Leintz Gatzagako zazpi fusilatuen izenak jasotzen dituen plakaren aurrean eta bertaratutakoek Joseba Tapiaren 'Agur Intxorta maite' diskoko Agur maiteño gudara noian kantua abestu dute.

Senitartekoak, asko adinekoak, hunkituta agertu dira. 90 urtean ez da horrelako memoria-ekitaldirik egin eta asko eskertu dute, berandu bada ere, egin izana.

Erlazionatuak

Aitortza eta memoria-ekitaldia Marin elizatean

Larraitz Zeberio Lekuona urr 24, 16:48 Eskoriatza

Aitortza eta memoria-ekitaldia Leintz Gatzagan

Larraitz Zeberio Lekuona urr 24, 16:50 Leintz Gatzaga

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak