San Bartolome jaietan murgilduta egon da Debagoiena azken egunetan. Asteburuan, Arrasateko Uribarri auzoan ospatu dituzte, bi eguneko egitaraua osatuz. Angiozarko Zabaleta auzoan berriz, astelehenean ospatu dute, San Bartolome egunean. Bi auzoetako ordezkariak pozik agertu dira jaiek utzitakoarekin. "Jende asko etorri da eta musak arrakasta handia izan du. Pozik gaude", azaldu du Uribarriko Oxel Iturriotzek. Zabaletan ere pozik gelditu direla nabarmendu du Sebas Aranzabalek: "Ondo joanda, esperotako moduan. Giroak lagundu du eta jendea etorri da, balorazioa oso positiboa da".
Lan handia atzetik
Jaien antolakuntzak lan handia suposatzen dute, eta egunean bertan mila egiteko izaten dituzte auzotarrek. Hala ere, aurretiaz ere zeregin ugari izaten dituzte auzoetako bizilagunak. Jai bakoitzak bere lan-taldeak izaten ditu, eta elkarrekin ibiltzen dira jaien prestaketa lanetan. Uribarrin, esaterako hiru-lau hilabete lehenago hasten dira jaiak prestatzen, eta Aitziber Zumaldek azaltzen duenez, prestaketa horretan hainbat lan konplikatu egiten dira: "Gauza asko aurreko urteetako antzerakoak izaten dira, eta batzuk erraz egiten dira, baina, beste batzuk konploikatu egiten dira eta gainean egon behar dugu. Gero, gainera, turno ezberdinak lotu behar izaten ditugu, esaterako, barrakoak edo bolatokikoak. Jende beharra izaten da, eta hor lan gehiago izaten dugu".
Zabaletan ere etengabe ibiltzen dira lanean. Aranzabalek asken asteetako lanak nabarmendu ditu: "Aurrez ere izaten dugu lana, esaterako, musikariekin harremanetan jartzea. Azken asteko lanak auzolanean izaten dira. Ostegunean, adibidez, eliza garbitzera joan ginen. Gero, toldoak jarri, mahaiak muntatu,... Horretan auzo guztiak hartzen du parte".
Hainbat jai galtzeko bidean
Antolatzaileek azaldu dutenez, auzoetako jaiek garrantzia handia izaten dute, auzotarrentzat zehazki eta herriarentzat modu orokor batean. "Herriko jaiez gain auzo bakoitzak bere jaiak izatea polita da. Herrigintza eta auzolana nabarmen ikusten dira jaietan. auzoetako jaiak izan arren, herriari berari indarra ematen diote", azaldu du Zumaldek-
Aranzabalek, hala ere, inguruko hainbat jai galdu direla azpimarratu nahi izan du, eta Zabaletan ere jaiak moldatu behr izan dituztela: "Kosta egiten da. Inguruko auzoen errepaso bat eginez gero, jai asko ari dira galtzen. Hemen lehen bi egun egiten ziren, eta kristoren taldeak ekartzen ziren. Galtzen ari den zerbait da, baina, guk formatua aldatu eta auzo-bazkariak bezalako kontuak egiten ditugu, hau da, guretzat antolatutako jaiak egin".