Beroaldia (2026ko ekaina)

Alarma gorria dago ezarrita asteazkenera arte, muturreko tenperatura altuengatik

Hasier Larrea 2026ko ekainaren 22a

Zarugalde kaleko farmaziako termometroa, gaur, astelehena, 15:00etan.

Aste hasieran ere beroa izango da erabateko protagonista. Euskalmeten aurreikuspenen arabera, astelehenean 42 graduko tenperatura egingo du Debagoienean, Kantauri isurialdearen barnealdeko gainerako tokietan bezala. Zeruan hodei gutxi agertuko dira, eta arratsaldean bero-hodei batzuk sortuko dira, zaparrada bakanen bat baztertu gabe.

25 gradutik gorako tenperaturekin joan dira goizaldeko lehenengo orduak, eta ondorengoetan beroa itogarriago egingo da, 40 gradutik gorako maximoekin. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak alarma gorria ezarri du; hasiera batean, gaurko, baina azken ordukoa da beste bi egun luzatu duela, asteazkenera arte. 

Beraz, oso komenigarria izango da gune freskoetan egotea. Udalek gomendatu dute aire girotua duten eraiki publikoak erabiltzea aterpe klimatiko gisa: esaterako, Arrasaten, Etxaluze, Usaetxe eta Zigarrolako Adinekoen Zentroa; Aretxabaletan, Ibarra kiroldegia eta Arkupe Kultur Etxea; eta Bergaran, Martokon herritar gunea, Zabalotegin herritar gunea, Agorrosingo gela, Osintxun liburutegia eta Opengela. Oñatin Emakumion Etxia eta kiroldegia izendatu dituzte, eta Antzuolan, eliza irekiko dute babesgune klimatiko moduan, astelehenetik asteazkenera, 15:30etik 20:00ak bitartean. Aramaion, berriz, kiroldegia zabalik egongo da gaur, ekainak 22, 16:00etatik 21:00etara eta bihar, ekainak 23, 12:00etatik 21:00etara. 

Kanpoko espazio itzaltsuak –parkeak, lorategiak, pasealekuak, erreka inguruak...– ere izan daitezke berotik babesteko gune ireki aproposak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak