Mugimendu Feministak emakumeen gorputzen gainean egunero jasandako indarkeriarekin amaitzeko erresistentzia feministarako deia egin zuen. Era berean, urtean zehar egindako lana kalera ateratzeko garrantzia nabarmendu zuten.
Elkarretaratzeetan indarkeria matxista "lehen mailako arazo sozial eta politikotzat" har dadin exijitu zuten. Bestalde, indarkeria kasuen datuak garrantzitsuak izanik ere, fokua baliabideetan jarri nahi izan zuten. Hala, indarkeria matxistak eragiten dituen errealitate eta behar desberdinei erantzungo dien baliabide publikoak eta kalitatezkoak aldarrikatu zituzten.
Indarkeria matxista hauspotzen eta babesten duten konplize amaraunei aurre egingo dietela ere adierazi zuten, elkartasun sare feministekin.
Oñatin eta Bergaran manifestazioek bete zituzten kaleak, aterkien jarioa, ehun moreekin tartekatu zen eta "erasorik ez erantzunik gabe" eta "gora borroka feminista" leloak entzun ziren. Oñatin kakorratz lanak egiteko batu ziren manifestazioaren aurretik, jabetze eskoletan diharduten hainbat emakume. Aretxabaleta, Arrasate, Antzuola, Elgeta eta Eskoriatzan berriz elkarretaratzeak egin zituzten, herriko plazan elkartu ziren leloa jasotzen zuten pankartaren atzean.
Itaiak "kaleak hartzeko" deia
Bestalde, Itaiak bailara mailako elkarretaratzea egin zuen Arrasaten, eta indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzera deitu zituzten herritarrak. Horretarako hamaika arrazoi dituztela adierazi zuten eta hemendik aurrera ere indarkeria antolatzeko deia egin zuten. Jarrera "errakzionarioen gorakadak" emakumearengan duten eragina azpimarratu zuten, "bigarren mailako subjektu" gisa ulertzea dakarrela azalduz.
Erreformak eta aurrerapausoak eman diren arren, alderdi politiko eta "instituzioek egoerari aterabidea emateko ezintasuna" agerian gelditu dela salatu zuten, instituzioetatik at antolatzeko beharra nabarmenduz. Gaineratu zuten emakume langileen aurkako indarkeria errealitate bat dela eta eraso ororen aurrean irmotasunez erantzuten jarraituko dutela, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatuz.