Denetarikoak eta denentzako

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko uzt. 25a, 10:00

'Peryferyka podcast'-eko egileak, Eider Sanchez Xander sortzailearekin. Argazkia: Peryferyka.

Goienak ekoiztutakoez gain, Debagoieneko askotariko norbanakoek eta elkarteek egindako podcast eskaintza zabala dago Goienaren podcast-gelaren egitasmoan.

Audio bidezko eduki digitala da podcasta –batzuetan, bideoarekin–, Internet bidez eskuragarri jartzen dena, eta entzuleek har- pidetu eta deskargatu edo streaming bidez entzun dezaketena. Nolabait esanda, ohiko irratsaioen eta telebista saioen bidetik doaz, baina tonu informalagoan edo pertsonalizatuan ekoiztutakoak. Urtarrilean estreinatu zuen Goienak podcast-gelaren egitasmoa, komunitateari ateak zabalduta, eta harrezkero askotarikoak ekoitzi dira. "Hainbat eduki ekoiztu ditu Goienak bertan, eta gehiago ekoizteko asmoa dugu aurrerantzean, baina bereziki Debagoieneko komunitateari ahotsa emateko espazio bat sortu nahi genuen; hortaz, ateak zabalik ditugu norbanako zein elkarte edo bestelako eragileentzako ere. Hori horrela, pozik gaude egitasmoak izan duen harrerarekin; horren erakusle da orain arte ekoiztutako podcasten zerrenda luzea", azaldu du Goienako Ikus-entzunezkoen zuzendari Oihane Agirrek.

Sortutako edukiak 'Goiena.eus'-en, Spotifyn, iVooxen eta Youtuben daude ikusgai

Goienaren podcast-gelan sortutako edukiak Goiena.eus atarian daude, baina baita Goienako plataforma digitaletan ere: Spotifyn, iVooxen eta Youtuben.

Denetariko gaiei buruzkoak

Erreportajean, bereziki, kulturarekin lotutako podcastetan jarri da arreta, baina askotariko diziplina eta gaiei buruzkoak ere badira eskuragarri; hona hemen adibide batzuk: Kulturartekotasuna du ardatz Bergarako Ndank Ndank elkarteak gidatzen duen Beste ahotsak izenekoak; euskara, politika eta bestelako gai asko ekartzen ditu Juan Martin Elexpuru bergararrak, Minpeko barik bideopodcastean; Arrasateko AED elkarteak eta AEK euskaltegiak, umoretik abiatuta, euskara dute berbagai eta irakasgai Txingoka-n; historia dute berbagai eta aztergai Bergarako Lanbroa Kultura Elkarteko kideek, deiturikoan; hezkuntza kontuak gustuko dituztenentzako, Txatxipodcast eta Guraso dira gomendagarriak, Arrasateko Txatxilipurdi elkartearena eta Guraso.eus atariarena, hurrenez hurren.

Zerrenda horretaz gain, bideopodcast gehiago ere badaude: Arrasateko gaztetxearen eskutik, AGAKO; Aretxabaletako Lohixak elkartearen Lohixak; eta Deba Bailara Kontseilu Sozialistaren podcasta den PODKS, esaterako.

Arrasate Blues jaialdiari buruz, bi saio

Bergarako Ekinez Kultura Elkarteak antolatu zuen Ekinez musika jaialdia, eta jaialdiaren bueltan egin zituzten, bideo formatuan, bi solasaldi, mahaiaren bueltan antolatzaileak eta beste lagun batzuk gonbidatuta. Bada, bide beretik egin dute Arrasate Blues jaialdiko antolatzaileek Goienarekin elkarlanean bi saio: uztailaren 3an estreinatu zuten jaialdiaren aurrerapenari buruzkoa; eta uztailaren 16an estreinatu dute jaialdiak emandakoaren gainekoa. Datozen egunetarako duten eskaintza ere kontatzen dute bideopodcast horretan, hainbat erpin edo ikuspegitatik.

Gazteek gazteentzako

Film laburrak egiten abilak dira Dani eta Ariana Nespereira eta Zihara Etxeberria. Aurten, beste abentura batean murgildu dira, Peryferyka bideopodcasta sortuta. "Kuriositate eta sortzeko grina handia dugu; beraz, beti gaude proiektu berrietara zabalik. Podcast informala da gurea, artisten bitartez, sortzeko artea eta diziplina esploratzea bilatzen duena, egindakoa eguneroko bizitzara estrapolatzeko helburuarekin. Lau kapitulu egin ditugu eta aktore bat, bertsolari eta idazle bat, abeslari bat eta bi dantzari gertutik ezagutzeko aukera izan dugu. Gustura gaude emaitzarekin, eta jaso dugun feedbacka ere oso ona izan da. Oraindik ez dugu guztiz erabakita, baina baliteke bigarren denboraldi bat egitea", azaldu du taldeko kide Ariana Nespereirak.

Zinemazaleak ere bai

Adi, spoilerra! izeneko bideopodcastaren egileak Nekane Muñoz, Imanol Gallego eta Txomin Madina dira, eta "ondo pasatzeko" helburuarekin abiatu zuten saioa. Lau kapitulu egin dituzte. "Oscarrei eskaini genien lehen saioa alde batera utzita, egitura bera mantentzen saiatzen gara atal bakoitzean. Hasteko, ikusi dugun edo ikusi nahi dugun pelikula bat aukeratzen du bakoitzak horri buruz berba egiteko. Ondoren, atal bakoitza bestetik ezberdintzen duen gai konkretu bati buruz egiten dugu berba: pelikula erromantikoak; haurtzaroko pelikulak; gehiengoaren iritziaren kontra, guk estimatzen edo baztertzen ditugun pelikulak... Gaia, nolabait ere, zinemaz hitz egiteko aitzakia da; eta, orokorrago begiratuta, baita bakoitzak munduaz duen ikuskeraz hitz egiteko ere. Harrerari dagokionez, momentuz guri esan dizkigutenak gauza onak izan dira. Baina badakizue, gauza txarrak aurpegira esatea ere ez da erraza izaten... Kapitulu gehiago egiteko asmoz gaude", kontatu du Txomin Madinak.

Musikaz, hainbat modutan

Musikariak protagonista diren bideopodcasta da Sona, Jokin Bereziartuak, Aitor Lagomak, Jagoba Domingok eta Peru Atxak egiten dutena. "Helburua musikazaleendako saio interesgarri bat izatea da, inguruko taldeen B aldea azaleratuz. Musikariendako erakusleiho ere badela uste dugu; baina musika taldeak etor daitezela gozatzera!", azaldu du Bereziartuak. Zazpi kapitulu egin dituzte, eta gustura daude emaitzarekin: "Bideaz gozatu dugu, eta uste dugu gozarazi ere egin dugula. Ikustaldien eta entzunaldien kopurua ona da".

Kantuak ditu oinarri Patxi Lurrak sinatzen duen Hamabostean behin audiopodcastak ere. "Estetikoki oso minimalista da. Kapitulu bakoitzean kantu bat aukeratzen dut eta horrek bide ematen dit doluaren eta zaintza aringarrien buruzko mezu errazak eta zuzenak emateko. Gai horiek normalizatzeko modu naturala da Hamabostean behin. Oso gustura jardun dut; hamar kapitulu egin ditut, baina irailean berriak argitaratuko ditut. Eskertuta nago emandako aukeragatik", dio egileak.

Audiopodcast literarioa

Allenderekin du izena eta Manex Agirrek sortu du. "Gauzak kontatzeko gogoa daukat, eta Allenderekin kontatzea da topatu dudan modurik onena. Entretenimenduzko helburua du saioak. Entretenimendu landua, betiere. Betiko gaiak jorratzen dira saioetan, baina gai horiek jorratzeko modua berezia da. Oso gustura jardun dut; bada, kapitulu gehiago egingo ditut, seguru", azaldu du du Manex Agirrek.

Debagoieneko komunitateari ahotsa emateko espazioa da podcast-gela

Ateak zabalik

"Esperientzia polita" ari da izaten podcast-gelarena, Goienarentzako eta baita egileentzako ere; horren erakusle da horietako askok jarraituko dutela irailean. "Podcast bat egiteko gogoa duenari esango nioke presta dezala proposamen bat eta jar dadila gurekin harremanetan, irailean hasita. Ideia berriak entzuteko eta aurrera eramateko prest izango gaituzue!", gaineratu du Oihane Agirrek.

Goienaren podcast-gelako kultur saioak

Sona

Musikazaleek musikazaleentzat egindako bideopodcasta da, sona handiko musikariak formatu akustikoan jotzen eta solasaldi intimoan eta lagunartean gozatzeko aukera ematen duena. Goienak egindakoa da: Jokin Bereziartuak gidatzen du, Aitor Lagoma da diseinu-arduraduna, Peru Atxa soinu-arduraduna eta Jagoba Domingo irudi- arduraduna.

Hamabostean behin

Iñaki Peñaren fonotekatik tiraka, askotariko bidezidorretatik eramaten du Patxi Lurrak entzulea, hil eta biziko kantuak bidelagun. Audiopodcast bitxia da, iraupenari dagokionez, batetik, kantuak dituen beste minutu dituelako, eta, bestetik, kantuen bidez doluarekin eta zainketa aringarriekin lotutako gaien gaineko hausnarketak egiten dituelako.

Peryferyka podcast

Peryferyka ekoiztetxeko Zihara Etxebarriak eta Dani eta Ariana Nespereira gazteek sorkuntzaren eta artearen mundua publiko guztiari hurbiltzeko helburuarekin sortutako bideopodcasta da. Elkarrizketa edo solasaldi informalaren eta gertukoaren bidez askotariko artistek euren sorkuntzaren eta bestelako bizipenen gaineko kontu interesgarriak kontatu dituzte.

Allenderekin

Manex Agirre aramaioarrak egiten duen audiopodcast literarioa edo kulturala da. Saio bakoitzak gai bat edo kontakizun-esparru bat du oinarri. Bada, oinarri horien inguruko iritzia ematen dute Manexek eta berak asmatu duen Allende pertsonaiak. Batzuetan ados egoten dira eta beste batzuetan ez; halakoetan, kolaboratzaileei laguntza eskatzen diete.

Adi, spoilerra!

Hiru zinemazalek –Txomin Madina, Nekane Muñoz eta Imanol Gallego– egiten duten bideopodcasta da. Lagunarteko tonuan, bogan dauden filmak komentatzen dituzte batzuetan, baina, bereziki, bestelako erpinetatik, bakoitzaren bizipenetatik eta zaletasunetik abiatuta, zinema-aretoetako pantailan ikusten diren eta horren agerian ez dauden bitxikeriak kontatzen dituzte.

DJ saioak

Izan afizio edo ofizio moduan, eskualdean DJ asko daude; bada, DJen ekoizpena bertatik bertara erakustea du helburu bideopodcastak. Arrasateko Ur Bruñak estreinatu zuen saioa, Joe Pieman aretxabaletarrak hartu zuen lekukoa bigarrenean, eta hirugarrenean Aramaioko DJ An2an –Andoni Uriarte– izan da protagonista.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak