Aretxabaletan, Kolektibo bat, borroka bat leloarekin egin zuten manifestazioa erdigunean. Besteak beste, mezua bidali gura izan zieten erakunde eta instituzioei, gai honekiko duten ardura egun bakarrera ez mugatzeko eskatuz.
Gainera, Harrotasun Eguna baliatu zuen Aretxabaletako Loihak taldeak bere aurkezpena egiteko. Herriko transmaribibollo gazteengana heltzea gura dutela adierazi dute, taldea handitzeko, ekimen ezberdinak egiteko ideiak batzeko, dituzten arazoak identifikatu eta aterabidea eman eta espazio segurua sortzeko. Horretarako, erreferente izan gura dute.
Arrasaten ere bai
Arrasaten ere kalera irten ziren ekainaren 28an, Morbor kolektiboak deituta. LGTBI Komunitatearen aldarrikapenak lau haizetara zabaldu zituzten, eta mundua eraldatzeko galdera berriak planteatu heterosexualitatea auzitan jarriz.
Egungo mundua auzitan jartzearen alde agertu ziren Arrasateko Herriko Plazan batutakoak, eta heteroaraua begiratzen jarraituko dutela azpimarratu zuten. era berean, Udalak, irailetik aurrera egingo duen diagnosian parte hartzera gonbidatu zituzten herritarrak.