LGTBI komunitatearen aldarrikapena kalera atera dute Aretxabaletan iluntzean egindako manifestazioan. "Herri bizigarri bat" izateko, "borroka honetan Aretxabaletak ere bere alea" jarri behar duela aldarrikatu dute eta aldarrikapen hauek "herritar denekin batera" egin behar direla esan. Era berean, erakunde eta instituzioei ere mezua bidali gura izan diete, gai honetan duten ardura ez dadila egun bakarrera mugatu esanez.
Gaurko eguna, bestalde, Lohixak taldearen aurkezpen eguna ere izan da. Herriko transmaribibollo gazteengana heltzea gura dutela adierazi dute, taldea handitzeko, ekimen ezberdinak egiteko ideiak batzeko, dituzten arazoak identifikatu eta aterabidea eman eta espazio segurua sortzeko. Aurreratu dute Andramari jaietan egingo dutela ekitaldiren bat kolektiboaren aldarrikapena kalera ateratzeko.