Morborrek Arrasaten egin duen deialdian aurten heteroarauan jarri du fokua. "Urte askotan zehar begirada salbuespenean jarrita egon da, baina guk ulertzen dugu heteroaraua bera ez dela osasungarria. Hori borrokatuta, eraldatuta, izate guztientzako bizi bizigarriagoak eraiki ahalko ditugu", adierazi dute. Heteroarauak "LGTBI pertsonak izate berezitu eta apartekoak garela pentsatu eta sinestea" dakarrela argudiatu dute, "arazoa gizarteak heterosexualitatea erdigunean eta norman jartzen duela ez balitz bezala".
Egungo mundua auzitan jartzearen alde agertu dira: "Noiztik gara heterosexualak eta zergatik? Nor eta zer gustatzen zait? Eta zergatik? Zergatik daukat bikotea? Nolatan ezkondu nintzen? Eta zertarako? Zergatik dira nire lagunik onenak nire sexu berekoak? Zergatik batzuk atera egiten dira eta gainontzekoak besterik gabe dira eta punto?".
Heteroaraua begiratzen jarraituko dutela esanez amaitu dute hitzartzea: "Zuen performanceak zentzua galtzen duen arte, mozorroak erori arte, maskarak kendu arte… horrela jarraituko dugu jendartearen %100 heterodisidentea izan arte".