2024ko Europar Parlamentuko hauteskundeetan EH Bildu nagusitu da Debagoienean, eta udalerri guztietan eskuratu du garaipena. 12.220 boto lortu ditu guztira, 2019an baino 1.938 gutxiago. Hala ere, eskualdean duen nagusitasuna handitu du koalizio subiranistak, boto guztien %46,53a eskuratuta. EAJ izan da bigarren alderdi bozkatuena Debagoienean, 6.479 botorekin. Honek, 2019ko hauteskundeekin alderatuta, 5.426 botoko galera bat suposatzen du jeltzaleentzat. Hirugarren gelditu da Alderdi Sozialista, 4.425 botorekin. Honen ostean Alderdi Popularra gelditu da, 1.006 botorekin.
Parte-hartzeak behera egin du eskualdean, %53,14ak bozkatu du soilik. 2019ko %69,48arekin alderatu ezkero, 16 puntu jaitsi da parte-hartzea.
Emaitzak Hego Euskal Herrian
Gipuzkoan EH Bildu izan da alderdi bozkatuena, 96.133 boto eskuratuta. Honen jarraian gelditu dira Alderdi Sozialista (66.717 boto), EAJ (57.626 boto) eta Alderdi Popularra (23.946 boto). Aipagarria da EAJ lehen indar izatetik hirugarren indar izatera pasatu dela, ia 10 puntu behera eginda.
Araban berriz, PSOE izan da alderdi bozkatuena, 36.280 boto eskuratuta. Honen ostean EH Bildu (26.933 boto), PP (22.201 boto) eta EAJ (19.122 boto) gelditu dira. Gipuzkoan gertatu bezala, EAJ ia 10 puntu jaitsi da eta 2019an lehen indar izatetik laugarrena izatera pasatu da.
Bizkaian ere PSOEk irabazi du. 122.087 boto eskuratu dituzte sozialistek. EAJ (117.784 boto), EH Bildu (104.845 boto) eta PP (53.665 boto) izan dira hurrengo zerrenda bozkatuenak.
Lehia estua izan dute sozialistek eta popularrek Nafarroan. Azkenean, 74.861 botorekin irabazi ditu hauteskundeak PSOEk, eta 72.856 botorekin bigarren gelditu da PP. EH Bildu (48.762 boto) izan da hirugarrena eta laugarrena berriz VOX (17.338 boto).
Espainiar Estatua
Espainiar Estatuari erreparatu ezkero, Alderdi Popularra izan da garaile, 22 eserleku eskuratuta. 2019an baino hamar eurodiputatu gehiago izango dituzte popularrek. PSOEk 20 eurodiputatu eskuratu ditu, 2019ko berdinak, baina 2 milioi boto galdu ditu bidean. Hirugarren alderdi bozkatuena VOX izan da, eta hiru eurodiputatu izango ditu. Laugarren gelditu da EH Bildu parte den Orain Errepublikak, beste hiru eserlekurekin. EAJk osatzen duen CEUSek eserleku bakarra eskuratu du.
Espainiar Estatuan ere gora egin du abstentzioak. %49,22koa izan da parte-hartzea, erdia baino gutxiago. Horrenbestez, 2019ko hauteskundeekiko 11,5 puntu jaitsi da parte-hartzea.