Ilusioa zen nagusi arratsaldeko lehen orduetan Gatzaga gaineko inguruetara batu ziren txirrindularitza zaleen artean. Egunero ez da izaten Txirrindularitzako World Tourreko kirolariak bertatik bertara ikusteko aukera eta debagoiendarrak zein euskal herritik etorritakoak ez zuten aukera galdu nahi izan. Arratsalde borobila izan behar zena baina, eroriko larri batek zapuztu zuten guztiz. Oletatik Aramaiora bidean San Kristobal ermitaren ondoan izandako eroriko larriak, lasterketa neutralizatzea ekarri zuen, medikuek zaurituak artatzeko. Tartean ziren gainera itzulia irabazteko faboritoak.
Albistea ere iritsi zen Gatzaga inguruetara eta jendea ezin sinistu zegoen, mugikorrak sutan zituzten bitartean, azken ordukoaren bila. Lasterketa gelditu egin zela, bertan behera utzi behar zutela, neutralizatuta helmugaraino joan behar zirela….denetarik entzuten zen zaleen artean, ezer ziurrik jakin gabe.
Azkenean iritsi zen berria. Eroriko txirrindulari guztiak artatu ostean, lasterketa berrabiatzea erabaki zuten. Dena dela, erorikoaren unean ihesaldian zihoazen sei lasterkariak izango zuten etapa lehiatzeko aukera, gainontzean tropela neutralizatuta abiatu zen helmugaraino. Gertatutakoa gertatuta, animo eta txalo artean igaro ziren txirrindulariak Debagoieneko errepidetatik, baina zaleen artean atsekabea zen nagusi geratutakoaren ostean.
Gertakariak zur eta lur utzi zituen zaleak, atsekabetuta, eta gozakaitz era berean, itzuliaren ikuskizunaz gozatzeko aukerarik gabe gelditu zirelako. Hala, bigarren aukera bat izango dute bihar, azken etapan, Gorlatik igarotzen denean.