Ezbeharra gertatu da Itzuliko laugarren etapan, lasterketa Debagoienean sartu bezain laster. Izan ere, Oletatik Kruzetarako bidean, Aramaioko lurretan, lasterketako faboritoak lurrera erori dira eta proba gelditu behar izan dute medikuek eta anbulantziek hainbat txirrindulari artatzeko.
Tartean, Frantziako Tourreko azkeneko bi edizioak irabazi dituen Jonas Vingegaard (Visma-Lease a bike), iaz Italiako Giroa irabazi zuen Primoz Roglic (Borah Hansgrohe) edota munduko txapeldun izandako Remco Evenepoel (Soudal Quick-Step) erori dira, eta lasterketa utzi behar izan dute, ospitalera bidean. Alexander Cepeda eta Sean Quinn, (Education First) Jay Vine (UAE) eta Natnael Tesfazion (Lidl-Trek), Quinten Hermans (Alpecin-Deceunick), Steff Crass (Total Energies) txirrindulariak ere erori dira toki berean.
Ondorioz, anbulantziarik eta medikurik gabe gelditu da proba, eta Untzillan, epaileek gelditu egin dituzte ihesaldiko ziklistak eta tropela. Untzilla mendatetik Aretxabaletara joan dira txirrindulariak, neutralizatuta, eta etapa ihesaldian zihoazen sei gizonek bakarrik jokatuko dute. Azkenean Louis Meintjes hegoafrikarrak irabazi du Euskal Herriko Itzuliako laugarren etapa. Tropela, batera, neutralizatuta, joan da Legutioko helmugara arte. Denborak ez dituzte kontuan hartuko antolatzaileek.