Hona hemen, Goienak Itzuliako laugarren etaparen harira jasotako adierazpenak:
Julen Arriolabengoa (Caja Rural taldeko txirrindularia)
Bihurgunea ondo ezagutzen du aurten profesionaletara salto egin duen Arriolabengoak: "Zonalde horretakoa izanda, sarri pasatzen naiz kurba horretatik. Ez da kurba itxia, baina asfaltoa ez dago egoera onenean. Dena den, ezberdina da entrenatzen pasatzea edo etapa baten, pelotoian, askoz ere azkarrago. Gainera, Remco Evenepoel sartu da oker kurban eta pelotoi osoa deskolokatu du horrek. Pasa daitezke halakoak…"
"Pelotoiko liderrak gertatu dira nahastuta eta horrek kolokan jar dezake Itzulia ez ezik denboraldi osoa. Tourra urrun dago, hasiera baten, baina gaurko gertaerak inpaktua izan dezake Tourrean eta beste karreretan", gaineratu du Julen Arriolabengoak.
Mikel Lizarralde (txirrindulari ohia)
Lizarraldek ondo ezagutzen du Oletatik datorren errepideko bihurgunea: "Errebuelta txarra da San Kristobal ermita ondoko hori. Zorua irregularra dauka eta nahikoa izan da txirrindulari bat errepidetik ateratzea, besteak atzetik etortzeko. Kasualitatea ere izan da, justu, aurre-aurrean dabiltzanei tokatu zaielako. Ikusgarria izan da erorikoa eta nahastuta gertatu direnak nortzuk diren kontuan izanda, oihartzuna handiagoa. Orain hurrengoan, zale batek aipatu zidan Gasteizko bi txirrindularik erorikoa izan zutela toki berean eta anbulantzian eroan behar izan zituztela. Gertaera honek Itzulia ez ez ezik txirrindulariaren denboraldia bera ere baldintza dezake. Goiz da jakiteko erorikoak ze ondorio izango duen, baina ez dauka itxura onik".
Itxaso Plaza (Igamo Packaging taldeko txirrindularia)
Bide horretan behin baino gehiagotan ibilia da Itxaso Plaza txirrindulari arrasatearra: "Lasterketetan ere pasa izan naiz bide horretatik. Sustraiak daude, eta zabaltzen hasten dira bidea hondatuz. Bidearen egoera ez da oso ona. Abiadura handia hartzen duzu gainera, eta pelotoian joatea bidea ondo menderatu gabe arriskutsua izan daiteke. Horrez gain, ikusi dudanagatik, batzuk kanpoko aldetik hartu dute, eta ez da erabaki hoberena".
Danel Casais (Laboral Kutxa taldeko txirrindularia)
Kruzeta behin baino gehiagotan igaro arren, Oletarako bidea ez duela inoiz hartu onartu du Oñatiko txirrindulari gazteak: "Egia esan, Kruzetatik bai, baina Oletarako bide horretatik ez naiz inoiz igaro. Hala ere, telebistan oso arriskutsu ikusi dut. Oilo-ipurdia jarri zait ikusi dudanean. Espero dut lepauztairen bat edo beste horrelako lesio arinak bakarrik izatea. Bizirik irten badira, nahikoa".
Danel Casaisek badaki zer den eroriko larri baten ondorioz denboraldia pikutara joatea. "Horrelako istripuren bat ikustean txirrindularitzan jarraitzeak merezi duen ala ez pentsatzen jartzen zara. Nik duela lau urte eroriko larri bat izan nuen, eta badakit zer den. Urte osoko lana pikutara", azaldu du oñatiarrak.
Jon Unamuno (Lokatza ZE-ko presidentea)
Unamunoren ustez denboraldia argi eta garbi baldintzatuko die erori diren ziklistei: "Argi dago, eragin handia izango duela erorikoak. Nahastuta gertatu diren txirrindulariei baldintzatuko die, argi eta garbi, baina baita denboraldia ere. Eliteko kirola halakoa da. Ikusgarria izan da, faborito nagusiak, gaur egunean aurre-aurrean dabiltzanak, erori direlako, denak batera, gainera. Tamalez, beste batzuetan ere gertatzen dira antzekoak, baina protagonistak nortzuk diren baldintzatzen du gertaeraren oihartzuna. Esaterako, azkeneko Gorlako Igoeran Aritz Artanok sekulakoa hartu zuen geldi zegoen moto baten aurka eta hark ere denboraldiari agur esan behar izan dio".