Gaur txirrindularitza galtzaile

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko api. 4a, 18:45

Louis Meintjes, podiumean. (Argazkia: Intermarché-Wanty)

Roglic, Evenepoel era Vingegaard erori egin dira Kruzeta jaisten, eta azken biak erietxean daude; antolakuntzak lasterketa neutralizatu du, baina berrabiarazi ondoren, itsusi; Meintjes nagusitu da Legution.

Txirrindularitza galtzaile gaur. Erorketa itsusia, ondorio itsusiak eta erabaki itsusiak. Gaurko eguna Euskal Herriko itzuliko historiako orri beltzetan geratuko da itsatsia betirako, eta ez da berehalakoan ahaztuko.

Etapa ederra izan behar zuena Kruzeta mendateko jaitsieran bukatu da. Itzulia irabazteko hiru hautagaiak jausi dira, bata bestearen atzetik, eta abiadura handian. Roglic jaiki da, eta erretiratu bada ere, ez dirudi ezer larririk daukanik.

Evenepoel eta Vingegaard erietxean daude. Belgikarrak sorbaldan dauka mina, itxuraz, eta Vingegaard-ek ez du pronostikorik. Itxura txarra zeukan danimarkarrak erori ostean, bil-bil eginda, gorputzak bere atal garrantzitsuenak babestu nahiko balitu bezala.

Lasterketa neutralizatu egin da, anbulantzia eta mediku nahikorik ez zegoelako lasterketan,  baina ordubete pasata, komisarioek berrekiteko agindu dute, baldintza batekin: ihesean zihoazen artean bakarrik lehiatzea etapa.

Erabaki ulerkaitza, aurreko seirek batere aukerarik ez zutelako etaparen lehian aritzeko, gauzak normal. Bi minutuko aldea zuten azken bi mendateen faltan eta tropelak aise harrapatuko zituen. Egokiena denek etapa neutralizatua egitea zen, erori eta erietxean daudenekino errespetuz. Denek edo inork ez.

Meintjes-ek irabazi du Legution, eta Skjelmose da lider berria. Etapa garaileak bere atsekabea azaldu du, gertatutakoagatik. Norvegiarrak ere ez du pozarren jantzi maillot horia. Antolakuntzak podium-eko protokoloa mantendu izana ere itzuliko historiako orri beltzetan geratuko da betirako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak