2003an eta 2004ean jaiotako kintoak ari dira elkarrekin batera ohitura zaharra jarraituz, Santa Ageda ospatzen. Gaur, goizean-goiz geratuta zeuden Eskoriatzako zazpi elizateetako baserrietan barrena kantu eskean aritzeko. Intxaurrak, baserriko txorizoak eta bestelakoak jaso dituztela adierazi dute, nahiz eta onartu esnatzea pixka bat kostatu zaiela.
Dantzak Gorosarri plazan
Aurtengo berritasun bat da Fernando Eskoriatza plazan egin beharrean, Gorosarri plazan egingo dituztela dantzak, zapatuan, 19:00etan. Hala, herritarren arteko segurtasun distantzia handiagoa bermatzen duen espazioa dela kontuan izanda. Zapatu honetaz gain, hurrengo domekan ere egingo dute dantza Eskoriatzako Santa Ageda neska-mutilak Gorosarri plazan, ordu berean, 19:00etan.
Eskoriatzaz gain, Debagoieneko beste zenbait herritan ere ospatzen ari dira egunotan, Santa Ageda; Oñatin, Arrasaten, Aramaion… herri bakoitzean beraien modura, egoerak hala behartuta. Aretxabaletako kintoen kasuan, esaterako, baserriz-baserri aritu dira goizean, Eskoriatzakoen antzera, umore onez baserritarrei irribarre bat atera nahian.