ALBISTEAK

Guaixe, Geuria, GiTB eta Karkararen lanak irabazle 2021eko Tokikom Sarietan

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 12a, 17:00

Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan banatu dira, seigarren urtez, Tokikom Sariak. Toki komunikabideetan egiten den kazetaritza lanaren kalitatea aldarrikatzea xede, lau sari banatu dira; kategoria ezberdinetan, Sakanako Guaixe aldizkaria, Hego Uribeko Geuria, Goierri Irrati-Telebista eta Karkara aldizkaria izan dira aurtengo irabazleak. Komunitatea josten jardunaldia egin da sari banaketarekin batera, BBC, eldiario.es eta Het Belang Van Limburg hedabideetako adituen ekarpenekin.

Tokikom Sarien seigarren edizioko sari banaketa egin da gaur goizean Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan. Euskal Herriko 76 toki komunikabideen bilguneak antolatu du ekimena, EITBren laguntzarekin, eta besteak beste, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Paula Kasares Nafarroako Euskarabideako planifikazio eta promozio arduraduna, eta Garbiñe Mendizabal zein Xabier Arauzo, Gipuzkoako zein Bizkaiko Foru Aldundietako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak izan dira ekitaldian.

Iban Arantzabal Tokikomeko presidenteak pertsonalizazioa, berrikuntza eta edukiaren egokitasuna izan ditu hizpide egin duen hitzartzean, "norbanako, enpresa eta erakundeekin komunitatea josteak" duen garrantzia azpimarratuz. Alkortak globalizazioaren garaian euskaratik eta euskaraz sortutako tokiko edukiak duen garrantzia goretsi nahi izan du, "gazteengana heltzea" erronka gisa identifikatuz. Kasaresek "estrategikotzat" definitu du euskarazko tokiko hedabideen sektorea, eta bide berean mintzatu dira Mendizabal eta Arauzo ere; azkenaren hitzetan, "etorkizunean erakundeen eta tokiko hedabideen artean sare sendoa izatea" dute helburu.

Lau irabazle

Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena umoregileen gidaritzapean eman dira jakitera Tokikom Sariak 2021 sariketako irabazleak. 34 komunikabideetako 57 lan aztertu ostean, bederatzi finalista izan dira; tartean, Goienaren Hala Bazan saioa. Honakoak izan dira saridunak:

  • Azalik onenaren saria: 'Uda Sakanan' (Guaixe)
  • Edukirik onenaren saria: 'Etxerriko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak' (Geuria)
  • Ikus-entzunezkorik onenaren saria: 'Ateak itxi, leihoak ireki' (Goierri Irrati-Telebista)
  • Komunitatearen saria: 'Bandera da Orion' (Karkara)

Irakurleei entzutea

Esther Alonso eldiario.es hedabide madrildarreko kazetariak ireki du gogoetarako bidea Komunitatea josten jardunaldian. Alonsoren hitzetan, “komunitateari garrantzi handia” ematen diote: “Irakurleei entzutea ezinbestekoa da”. Datuen analisian jarri du enfasia, hutsetatik ikastean, analitikari garrantzia eman behar zaiola argudiatuz. Hala ere, hortik aurrera jauzi bat eman beharra azpimarratu du 2022an 10 urte beteko dituen hedabide madrildarreko kazetariak. Adierazi duenez, “egun ezin ditugu irakurleak soilik bilatu, gure proiektuarekin konplizeak diren herritarrak baizik”. Bide horretan, eldiario.es-ek gardentasunean eta fidelizazioan ahalegin berezia egiten duela azpimarratu du.

Pertsonalizazioaren garrantzia

Het Velang Van Limburg egunkari belgikarreko Arno Schepers-en hitzartzeak eman dio jarraipena, atsedenaren ostean, gaurko jardunaldiari. 800.000 biztanleko lurralde batean, astelehenetik larunbatera paperezko egunkari bat eta asteko egun eta ordu guztietan sarean jarduten duen hedabidea da. Hain zuzen, azken honi eman nahi izan dio garrantzia: “Lehentasuna ematen diogu sareko edukiari, eta ostean egiten dugu papereko edukien hautaketa”.

Bide horretan, eta etorkizuneko kazetaritza sarean oinarrituko dela sinetsita, edukien pertsonalizazioan eta herritar gazteengan jarri nahi izan du enfasia. “Etiketen bidez, erabiltzaile bakoitzari interesatzen zaion edukia eskaintzen diogu; albisteetatik, ikus-entzunezko, buletin edota iragarkietara. Eta bide berean egokitzen ari gara harpidetzak, gazteei begira, sareko kontsumo azkarrari begira”, adierazi du. Schepers-en hitzetan, egunkariaren balorea “irakurle anonimoak zein harpidedunak balorean jartzea da”, eta edukien bidez lortzen omen dute hori.

Konfiantzan oinarritutako elkarlana

EITBko zuzendari Unai Iparragirrek aurkeztu du eguneko hirugarren eta azken hitzaldia, “mundu mailan erreferenteetako bat den komunikabide publikoak” eskainia. BBC eta toki komunikabideen artean osatu duten Local News Partnership egitasmoko zuzendari den Matthew Barraclough-ek “nazio hedabideen eta tokiko hedabideen arteko konfiantzan oinarritutako elkarlana” oinarri dutela adierazi du. “BBCk formakuntzak, laguntzak eta ekitaldiak eskainiz eta tokiko hedabideek, aldiz, albisteak”, azken bost urteetan ehundaka kolaborazio egin dituztela adierazi du, bai paperean, eta baita ikus-entzunezkoetan zein sarean. “Tokiko albisteek astean 8-10 milioi ikustaldi dituzte gure hedabidean”.

Herrietako demokrazia eta gardentasuna aipatu ditu, “tokiko komunikabideek politikan eta herrietako demokrazian eragin zuzena dutela” jakitun direlako; “hori da beraien balore nagusia”. Bide horretan, eta elkarren arteko gardentasuna eta zintzotasuna oinarri, tokiko politikari lotuta ulertzen dute kolaborazioa: “Helburua ez da albisteen lehentasuna zalantzan jartzea, ez dugu hedabideen arteko konpetentzia sustatu nahi”, mintzatu da. Bere hitzetan, “gisa honetako kolaborazioetan oso garbi izan behar dute bi aldeek zertan kolaboratzen duten, zeintzuk diren elkarbanatzen dituzten esparruak”. Eta Barraclough-ek hitzartzean adierazi bezala, BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren arteko egitasmoak aurrera jarraituko du, “bi aldeok irabazten dugulako”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak