Bainu-tokiak prest daude denboraldiari ekiteko

Maialen Santos 2021ko eka. 11a, 08:01

Uda sasoia iristear dela-eta ekingo diote bainu-denboraldiari igerilekuetan. Bergarako Agorrosin guneko igerilekuak izango dira irekitzen lehenak, gaur. Arrasaten, berriz, astelehenean irekiko dituzte, eta Usakok bihartik aurrera hartuko ditu bainulariak.

Debagoieneko herrietako igerileku zein ur parkeek bainu denboraldiari ekingo diote datozen egunetan, pixkanaka.

Agorrosin kirolgunean gaur zabalduko dute kanpoko igerilekua, eta ur-txorrotak ere zabalduko dituzte aurten. Edozelan ere, indarrean dauden arautegiak kontuan izanik, aurtengo udan ere kanpoko igerilekura sartzeko aurrez txanda eskatu beharko da. Abonatuek bi egun lehenago egin ahal izango dute erreserba eta ez-abonatuek, egun bat lehenago. Agorrosinen bertan, webgunearen bitartez edo telefonoz egin daiteke erreserba. Berdegunea eremuka zatituta egongo da eta maskara bakarrik erantzi ahal izango da uretan edo eguzkia hartzeko.

Bi txanda izango dituzte egunero: 10:00etatik 14:30era eta 15:00etatik 20:30era. Itxita dagoen ordu erdian, instalazioa desinfektatu egingo dute. Horretaz gain, aldagelak ez dira erabilgarri egongo.

Arrasaten, astelehenean

Arrasateko kanpoko igerilekuak astelehenean irekiko dituzte. Edukiera %50ekoa izango da, –iazkoa %30ekoa izan zen–. Txanda erreserbatu egin beharko da, kirolaonline.arrasate.eus webgunean edota 943 25 20 30 telefonora deituz. Aurten, gainera, aukera egongo da txandak irauten duen bitartean, lekua badago, erreserba egin eta igerilekura sartzeko.

Goizeko txanda 10:00etatik 14:30era arte izango da eta arratsaldekoa, 15:00etatik 20:30era. Eguneko sarrera ere eskuratu ahal izango dute erabiltzaileek.

Horretaz gain, Arrasateko bi ur-parkeak, Santa Barbarakoak eta Villa Amparokoak, uztailaren 1ean zabalduko dituzte. Azken hori berria da, eta Santa Barbarakoa baino handiagoa izango dela azaldu dute udal ordezkariek. Biak ala biak 10:00etatik 20:00etara egongo dira erabilgarri, egunero.

Usako ere gertu dago

Oñatin, Usakon, bihar irekiko dute bainu denboraldia, eta egunero sorosle bat izango da 15:00etatik 21:00etara eta errefortzurako beste bat 15:30etik 20:30era; gainera, zaintzaile bat kontratatuko da koronabirusaren protokoloa betetzen dela ziurtatzeko. Erabilerari dagokionez, 30 lagun egon ahal izango dira batera bainu eremuan, eta, jende asko pilatzen bada, ordu laurdeneko txandak egingo dituzte. Beheko eremuan ezingo da toallarik jarri; goiko aldean utzi beharko dira.

Usakora autoz joateko, seinaleak jarrita egongo dira aparkatu ezin den eremuetan. Udaltzainek gune horretako zaintza handitu egingo dute. Gainera, herribusa Usakoraino iristea ere bada Udalaren asmoa.

Bestalde, Oñatiko ur uhinen parkea hilaren 19an irekiko dute, eta Antzuolakoa, aldiz, egun bat lehenago.

Azkenik, Eskoriatzako kanpoko igerileku txikia uztaileko lehen astean zabalduko dutela adierazi dute Udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak