Ekainaren 11tik aurrera erabili ahalko da kanpoko igerilekua, aurrez txanda hartuta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko eka. 7a, 14:40

Udaleko kirol teknikari buru Iñaki Ugarteburu, kirol zinegotzi Aitor Arantzabal eta Agorrosin kirol guneko arduradun Amaia Zabaleta, gaur, kanpoko igerilekuan.

Bigarren urtez jarraian pandemiak baldintzatuko du udako eskaintza Bergarako Agorrosin kirol gunean. Kanpoko igerilekuak ekainaren 11n irekiko dituzte eta erabili nahi dutenek aurrez hartu beharko txanda. Horrez gain, kirol campusa eta ume, gaztetxo eta helduendako askotariko ikastaroak izango dira.

Gaur goizean egindako agerraldian eman dute udako kanpainaren berri. "Iaz hala izango zenik pentsatzen ez bagenuen ere, aurtengo uda ere COVID-19ak eragindako osasun pandemiara egokitutakoa izango da. Hala ere, uste dugu une honetan bereziki dela garrantzitsua herritarrei aisialdirako espazioak eskaintzea eta Udalaren asmoa da hori bermatzea, izan kultura arloan, Laboratoriumen, udalekuetan edota kirol eremuan", esan du kirol zinegotzi Aitor Arantzabalek.

"Arrakasta handiko" kirol campusa

Ekainaren 21etik uztailaren 16ra egingo dute kirol campusa, 2009 eta 2012 urte bitartean jaiotako Bergarako umeei. Astelehenetik egubakoitzera, egunero, hiru orduz, 10:00etatik 13:00etara, jarduera fisikoko eta kirol ekintzak egingo dituzte. Plazak gehitu behar izan ditu Udalak egon den eskaera handiagatik. "Kirol Zerbitzuak 106 ikaslerentzat plazak sortu zituen, baina campusak arrakasta handia izan du eta 240 umek parte hartuko dute. 162 mutil  eta 78 neska. Udalak esfortzu handia eginez, baina pandemia egoeran umeek ekintza gutxi izan dutela kontuan izanik, izena eman duten guztiak onartu ditu. 14 talde eta 15 monitore izango dira", azaldu du kirol teknikari-buru Iñaki Ugarteburuk. Gainera, COVID-19aren eraginez, erabaki dute ikastetxeetan zituzten talde burbuilak ahal den heinean mantentzea, eta horregatik, umeak euren gelakideekin batera egongo dira. 

Ikastaroetan izena emateko, kanpoko igerilekurako txanda hartzeko eta informazio osotuagoa lortzeko: www.bergarakirola.eus

Ume eta gaztetxoendako eskaintza

2010 eta 2016 urte bitartean jaiotakoentzat igeriketa ikastaroak eskaini dira. Ikastaro trinkoak dira, bi astetakoak, bi txandatan egingo direnak: lehen txanda ekainaren 21etik uztailaren 2ra eta bigarren txanda uztailaren 5etik 16ra. Ikastaroa astelehenetik egubakoitzera da eta 45 minutuko iraupena izango dute klaseek. Eskaintzaren inguruko informazioa jasotzeko eta izena emateko Agorrosingo harreran eska daiteke informazioa edota www.bergarakirola.eus webgunean alta emanez. 

Argibideak gurasoei bidalita

COVID-19ari dagokionez, gurasoei e-postaz mezua bidaliko zaie arautegia azaltzeko. Laburbilduz, guraso edo laguntzaile bakarra sartuko da aldagelan, umeari laguntzeko eta ezin izango dute dutxa erabili; hori dela eta, igerilekuan dagoen dutxa erabiliko dute kloroa kentzeko. Aldageletan, beti maskara jarrita izan beharko dute. Gaztetxoendako ikastaroak: hainbat ekintza eskaini dira, baina aurrera aterako direnak honako hauek dira: Multitraining eta padeleko ikastaro guztiak, izan ere, areto barruko txirrindularitza ikastaroa oraindik ez da-eta guztiz osatu. Ikastaroa astelehen eta eguaztenetan izango da 11:30etik 12:30era, ekainaren 21etik uztailaren 14ra.

Helduen izen-ematea, ekainaren 13ra arte

Helduen ikastaroei dagokienez, izena eman daiteke domekara arte, ekainak 13. Eskaintzaren barruan yoga, pilates, gimnasia senior, body balance, Aquagym eta areto barruko txirrindularitza ikastaroak eskaini dira. Izena emateko Agorrosingo harrerara etorri edo www.bergarakirola.eus webgunean eman daiteke.

Kanpoko igerilekuetarako bi txanda, iaz moduan

Egubakoitzean, ekainak 11, zabalduko dute kanpoko igerilekua, eta ur-txorrotak ere zabalduko dituzte aurten. Hori bai, osasun egoera eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako eta indarrean dauden arautegiak kontuan izanik, aurtengo udan ere kanpoko igerilekura sartzeko aurrez txanda eskatu beharko da. Abonatuek bi egun lehenago egin ahal izango dute erreserba eta ez-abonatuek egun bat lehenago. Txanda hartzeko hainbat era daude, Agorrosinen bertan, webgunearen bitartez edo telefonoz. Berdegunea, aurreko urtean bezala, eremuka zatituta egongo da eta maskara bakarrik kendu ahal izango da uretan edo eguzkia hartzeko.

Bi txanda izango dituzte egunero, goizekoa: 10:00etatik 14:30era eta, arratsaldekoa, 15:00etatik 20:30era. Itxita dagoen ordu erdian, instalazioaren desinfekzioa egingo da. Igerilekuan sartzeko ilarak saihesteko, iaz bezala, fitxen sistema erabiliko da. Horretaz gain, aldagelak ez dira erabilgarri izango kutsadura saihesteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak