Ekainaren 14an zabalduko dituzte kanpoko igerilekuak

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 8a, 15:20

Gaur eguerdian egin dute udako denboraldiari begirako prentsa agerraldia, Musakolako igerilekuetan.

750 pertsona sartu ahal izango dira txanda bakoitzean, eguneko sarrera eskuratzeko aukera ere edukiko dute erabiltzaileek eta txandak luzeagoak izango dira. Bestalde, Santa Barbarako ur-parkeaz gain, Villa Amparokoa ere zabalduko dute, uztailaren 1ean. 

"Guztia prest dugu arrasatearrek igerilekuez eta ur-parkeez goza dezaten. Eremuek segurtasun neurri oro betetzen dute eta lasaitasunez udaz gozatzeko aukera eskaini. Igerilekuak prest, berdegunea atonduta, eta zerbitzuak abian jartzeko prest gaude", nabarmendu du Ander Garay Kirol zinegotziak. 

Iaz baino neurri "arinagoak" izango dira aurten. Hala, osasun agintariek ezarritako neurriei jarraiki, igerilekuaren edukiera %50ekoa izango da, –iazko %30ekoa izan zen–. Era horretan, 750 pertsona sartu ahal izango dira goizeko txandan, eta beste 750 pertsona arratsaldekoan. Txanda erreserbatu egin beharko da, iaz moduan, kirolaonline.arrasate.eus web orrialdearen bitartez edota 943 25 20 30 telefonora deituz. "Baina aurten, iaz ez moduan, aukera egongo da txandak irauten duen bitartean, lekua badago, erreserba egin eta igerilekura sartzeko", gaineratu du Garayk.

Txandak luzeagoak izango dira aurten. Goizekoa 10:00etatik 14:30era eta arratsaldekoa, 15:00etatik 20:30era. Horrez gain, eguneko sarrera eskuratu ahal izango dute erabiltzaileek, "beti ere momentuan edukiera bete ez bada, lehentasuna bazkideek izango dute eta".

Hiru hileko abonua

2019 urtean eta aurrekoetan bezala, aurten udako abonua, hiru hilabetekoa, ateratzeko aukera egongo da, honako tarifekin:

  • 18 urtetik behera erroldatuak: 41,70€
  • 18 urtetik behera ez erroldatuak: 50,10€
  • 18 urtetik gorako erroldatuak: 70,10€
  • 18 urtetik gora ez erroldatuak: 84,20€
  • Abonu familiarra erroldatuak: 112€
  • Abonu familiarra ez erroldatuak: 134,40€

Iaz, batez beste, egunean 600 pertsona inguruk erabili zuten igerilekua

2019an, COVID-19aren pandemia gabeko azken udan, igerilekuak 1.500 pertsonako edukiera zuen. Udal Gobernuak jakinarazi duenez, uztaileko egun gehienetan 800-850 pertsona joaten ziren, erreserbarik egin gabe, eta "egun jendetsuenetan", 3-4 egun, 1.200 pertsona pasa ziren egun bakarrean. 

2020ko udan, berriz, COVID-19agatik, %30eko edukierarekin ireki zuten igerilekua uztail hasieran, hau da, 500 pertsonako edukierarekin. 500 pertsonako bi txanda egon ziren, goizekoa eta arratsaldekoa. "Uztailean, arratsaldez, egun gehienetan 500 pertsona egoten ziren, eta goizeko txandetan 150-200 inguru. Abuztuan, berriz, goizez 100 pertsona inguru, eta arratsaldez 300-350".

Bi ur-parkeak, uztailaren 1etik zabalik

Etxaluze-Maala Ekobulebar-aren eraberritzearen baitan eraiki duten Villa Amparoko ur-parkea "Santa barbarakoa baino handiagoa" izango da. "Bi ur-txorro gune izango ditu: batetik, bidegorritik gertuen dagoen gunean, 18 jolas egongo dira, 4 urtetik gorakoentzat izango direnak. Eta bestetik, etxe txikietatik gertu dagoen gunea haur txikientzat izango da, bi zirkuito ezberdinekin".

Santa Barbarako ur-parkeak 21 jolas ditu askotariko adinetako haurrek erabiltzeko modukoa. "Inguruan eserleku ugari eta mahai eta aulkiak daude bertan egon ahal izateko. Iaz egunero 100 pertsonatik gora erabili zuten parkea".

Biak ala biak uztailaren 1ean irekiko dituzte eta 10:00etatik 20:00etara egongo dira erabilgarri, egunero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak