Domekan, bertan behera geratuko da urriaz geroztik indarrean den alarma egoera; nahiz eta Urkulluk hori luzatzea eskatu zion Madrilgo Gobernuari duela bi aste. Erantzun ezaren aurrean, Jaurlaritzak dekretu bat landu du aste honetan, eta zirriborroan jasotzen denez, mugimenduei, bilkurei eta ordutegiei lotutako arau murriztaileak mantendu nahi dira. Hori, ordea, ez du begi onez ikusi Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak, izan ere, Fiskaltzaren arabera, "ezinezkoa" da eskubide konstituzionalak mugatzea alarma egoeraren estaldurarik gabe. Beste modu batera esanda, itxiera perimetrala eta etxeratze agindua mantentzearen aurka agertu da Fiskaltza, eta txosten bat egin du Auzitegi Nagusiak azter dezan. Arratsaldean egingo da azterketa hori, hain zuzen ere, eta bihar jakinaraziko da epaia.
Epaia edozein izanda ere, Urkulluk aurreratu du men egingo diola –hots, ez duela errekurtsorik jarriko– eta Auzitegi Nagusiaren bermea duten neurriak baino ez dituela jasoko dekretuan: "Beti errespetatu dut auzitegiek esaten dutena. Fiskaltzaren jarrera ezagutzen dut eta ez dut beste ezer esateko". Hala, Urkulluk gehitu du ez duela Auzitegi Gorenera jotzeko asmorik, nahiz eta Madrilgo Ministroen Kontseiluak hori egin ahal izateko errege dekretu bat onartu duen aste honetan, erkidegoen "ziurgabetasun juridikoari" erantzuteko.
Gauzak horrela, bihar jakinaraziko da Auzitegi Nagusiaren epaia, eta horren ostean batuko da LABIren Aholku Batzordea, dekretua behin betiko ixteko, eta ondoren, lehendakariak sinatzeko.