Neurri bereziak hartuta, aldarrikapenak kaleetara bueltatu dira

Josu Bilbao Atxutegi 2020ko mai. 18a, 17:04

Osasun eta segurtasun neurri guztiak hartuta, koronabirusaren testuingurura egokitutako lehen agerraldiak izan dira Bergaran eta Elgetan egin dituztenak, astebukaeran.

Lehena, Bergaran egin zuten egubakoitz iluntzean. Gure Artera-Sarek eta Etxeratek elkarlanean antolatuta, San Martin plazan euskal presoek bizi dituzten sei egoera salatu zituzten: urrunketa, zigorren batuketa, emakumea eta kartzela, preso adinduak, motxiladun haurrak eta zigor luzeak. Distantziak mantenduz, San Martin plaza osoa hartuta egin zuten euren aldarrikapena dozenaka lagunek.

Zapatuan, bestalde, Zaldibarko zabortegiko ezbeharra gertatu zenetik 100 egun igarota, elkarretaratze berezia egin zuten Zaldibar Argitu plataformak antolatuta. Herriko plazatik sakabanatuta eta distantziak mantenduz, 20 minutuz isilik egon dira herritarrak, pankartak eta kartelak eskuan zituztelarik. Zaldibarko gertaeran zer gertatu den jakiteko,  zaborpean jarraitzen duten Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran ateratzeko eta instituzioek gertaeraren erantzukizuna argitzeko deia egin zuten Elgetan.

Azken asteak kalean horrelako aldarrikapenik egin gabe egon ostean, bi elkarretaratze hauek izan dira bailarako lehenak. Gaur bertan, hirugarren elkarretaratzea egin da, pentsiodunek ohiko astelehenetakoa berreskuratu dute eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak