100 egun igarota, Zaldibarko ezbeharra argitzeko eskatu dute

Josu Bilbao Atxutegi 2020ko mai. 16a, 20:36

Zaldibar Argitu plataformak deituta, hainbat elgetar elkartu dira herriko plazan, "zabortegiko ezbeharra behingoz argitzeko" eskatzeko. Elkarretaratze ezohikoa izan da, distantzia soziala mantendu behar izan dute-eta herritarrek.

Otsailaren 6an gertatu zen Zaldibarko zabortegian ezbeharra, eta ordutik 100 egun igaro dira dagoeneko. Hori dela eta, zabortegiko egoera argitzeko eskaria eginez, hainbat ekitaldi antolatu ditu gaurko Zaldibar Argitu plataformak. Tartean, Elgetako plazan dozenaka herritar batu dira arratsaldean, ezohiko elkarretaratze baten bidez gertaera argitzeko eskatuz. Izan ere, oraindik, zabortegiko langile ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren gorpuek lur azpian jarraitzen dute.

"Berriz ere aski da esateko elkartu gara. Alberto eta Joaquinen zabor azpitik atera behar dituzte, azkenean euren senideek merezi eta behar duten moduko agur bat eman ahal izateko. Beste alde batetik egia jakin nahi dugu. Zaldibarko zabortegian zer gertatu den jakin nahi dugu eta zeinik dituen hor ardurak. Herritarrok buruan ditugun galderak erantzun behar direla uste dugu, eta arduradun instituzionalek eta administrazioak horretan akats izugarri bat egin dutela, galdera horiek airean gelditu direlako", azaldu du Zaldibar Argitu plataformako Janire Lazkanok

Alarma egoera dela eta, elkarretaratze berezia egin behar dute plazan, eta distantzia soziala mantenduz 20 minutuz isilik egon dira herritarrak, pankartak eta kartelak eskuan zituztelarik. Azkenean txalo zaparrada batekin bukatu da elkarretaratzea. "Distantziekin, baina elkartasuna eta batasuna erakutsiz egindako elkarretaratzea da", azpimarratu du Janire Lazkanok.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak