Igandean indarrean sartuko den dekretuak maskara kirurgikoak gehienez 96 zentimotara saltzea arautuko du. Neurri horrek galera ekonomikoak eragingo dizkio hainbat farmaziari, garestiago erosten dituztela adierazi baitute. Hala ere, aurrera egitea eta saltzen jarraitzea erabaki dute gehienek. Beste batzuen kasuan biltegiek beregain hartuko dute gainkostua eta farmaziei merkeago salduko dizkie maskarak. Herritarrek farmazietan maskarak erosi arren, dagoeneko alternatibak ere bilatu dituzte, prezioak eta hornikuntza arazoak direla-eta.
Bestetik, igandetik aurrera ahalbidetu den haurren irteerak ere maskaren eskaeran eragina izan du. Haurrentzako maskarak eskatu dituzte Aretxabaletako plazako farmazialariek eta hamabost egun barru iritsiko zaizkie txinatik etorriko diren maskarak. Beste bailarako farmazia batzuetan esan digutenaren arabera, ordea, ohiko banatzaileek ez dute halako produkturik eskaintzen momentuz, eta nahiago dute ezezagunei ez eskatzea.