Hainbat ministeriok eta autonomia-erkidegok osatzen duten Batzordeak atzo jakinarazi zuenez, BEZa barne 0,96 eurokoa izango da herritarrei maskarak saltzeko gehienezko salneurria. Erabakia Espainiako Estatuko aldizkari Ofizialean argitaratutako agindu ministeriala dela-eta hartu dute.
Neurria indarrean jartzean gehiegikeriarik atzemanez gero, Espainiako Gobernua esku hartzeko prest dagoela adierazi du Salvador Illa Osasun Ministroak. Bestetik, Illak jakinarazi duenez, oinarrizko osasun produktu guztiei ezarriko zaizkie mugatutako salneurriak eta horiek adosten ari direla azaldu du.
Erabilera bakarreko maskara higienikoei eta berrerabilgarriei dagokienez, hurrengo Batzordeko bileran arautuko dute herritarrentzako salmentaren prezioa; izan ere, erabakia hartu aurretik ehungintza-sektoreko fabrikazio-kostuak aztertzea nahi dute.
Maskaren erabilera
Maskaren erabilera nahitaezkoa ez den arren, osasun arloko adituek eta agintariek gomendio orokorrak helarazi dituzte, herritarrek erabilera egokia egin dezaten. Espainiako Gobernuaren arabera, COVID-19a dutenak, horiekin harremanetan egon direnak edota arrisku-taldeko pertsonak dira maskarak erabili behar dituztenak, eta beti ere, aurretik eta ondoren eskuak ondo garbituta, eta gainerako higiene neurriak beteta.
Bukatzeko, herritarrei arduraz jokatzeko deia egin die Espainiako Gobernuak, eta agintariek maskarak neurriz erabiltzeko esan dute, beharra dutenak ez daitezen maskara gabe geratu.