"Momenturen batean, gure adituen eta Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioen baitan maskarak erabiltzea kontsideratzen badugu, gomendatuko dugu", azpimarratu du Mikel Sanchezek, Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak. Iñigo Urkullu lehendakariak berretsi egin du hori. "OMEk ez du gomendatzen maskaren erabilera masiboa, langile soziosanitarioek bakarrik erabili dezaten lehenesten du. Guk bat egiten dugu gomendio horrekin".
Errealitateari erreparatuz, geroz eta maskara gehiago ikusten dira kalean. Arrasateko Agirre-Etxe harategian, adibidez. "Duela bizpahiru aste baino dezente bezero gehiago ikusten ari gara maskarekin, gazte zein heldu", arduradunen esanetan. Mendizabal okindegikoek ere bat egin dute horrekin: "Nahiko maskara ikusten ari gara, baina batez ere jende heldua da maskara darabilena, gazteek ez dute horrenbeste erabiltzen". Bolintxo okindegikoek, bestalde, aitortu dute ez dutela diferentzia handirik igarri arlo horretan.