Erosketa Eusko Jaurlaritzarekin batera egin du Udal Elkarteak osasun-materiala erosteko azken operazioaren barruan. Arabako udalerriek 43.750 ale jasoko dituzte guztira; Bizkaian 145.000 ale banatuko dira, eta Gipuzkoan, berriz, 107.000 ale. Materiala loteka antolatu dutela azaldu dute, eta hortaz, biztanleriaren tamaina kontuan hartuta egingo dela banaketa –biztanle gutxien dituzten udalerrietan maskarak emango direla bermatuta–.
Gorka Urtaran EUDELeko buruak adierazi duenez, udalerriek egindako eskaerari erantzun nahi izan diote; bere hitzetan, batez ere herri txikiek ez dute “baliabiderik”, eta horrenbestez, kanpoko merkatura modu autonomoan iristeko “gaitasunik” ere ez. Behin maskaren banaketa eginda, udal-gobernuek erabakiko dute babesgarriak zein koletiborentzat izango diren.
Alkateak, “borondate onez” ari dira maskarak lortzen Urtaran elkarte-buruak azaldu duenez, baina ez omen dituzte hornitzaileak ezagutzen eta ezta produktuaren “kalitatea eta erabilgarritasuna” ere, eta horrek agintariak kezkatzen dituela esan du.
Bestetik, maskaren kalitateaz gain, horiek lortzeko zailtasunak ere agerikoak direla azaldu du Urtaranek, eta espekulazioak materiala zuzenean erostea oztopatzen duela gehitu du.