Adinekoen egoitzetan umorea galdu gabe ari dira gaitzari aurre egiten

Eneko Azurmendi 2020ko api. 3a, 18:36

Carmen Fernandez eta Brigida Carrasco, Eskoriatzako Jose Aranako egoiliarrak, irribarretsu, egoitzan. Argazkia: Jose Arana egoitza.

Debagoienean adinekoen sei egoitza daude, eta guztira 460 pertsona jasotzeko gaitasuna dute; Arrasateko Iturbide egoitza izan da COVID-19 kasuak konfirmatu dituen egoitza bakarra; gainontzeko egoitzetara, "zorionez", ez da heldu gaixotasuna.

Koronabirusaren krisia, oro har, kalte handiak eragiten ari da adinekoen egoitzetan. Debagoienekoetan, Iturbide da egoitzarik kaltetuena; izan ere, eguenera arte, hamabi kasu positibo konfirmatu zituzten, eta Olatz Etxabe zuzendariaren esanetan, kasuak gora egiten ari dira. Gaitzaren eraginez egoitza horretan hildakoei dagokienez, bi direla baieztatu du zuzendariak. Gainontzeko egoitzetan, aldiz, ez dute koronabirus kasurik baieztatu orain arte.

GSR Debagoiena egoitzako egoiliarrak, kartetan jolasten.

Blanca Medina: "Oso ondo ikusten dut ama"

Blanca Medina eskoriatzarraren ama Jose Arana egoitzan dago, duela urtebete geroztik, eta, aitortu duenez, "berak gu baino hobeto" darama egoera hau. "Oso kontzientziatuta dagoen pertsona bat da, berak erabaki zuen egoitzara joatea. Egoera zein den oso ondo ulertzen du, eta ondo dago, pozik eta lasai", dio.

Medinaren esanetan, egoiliarrek badakite egoera zein den, eta kanpotik heltzen diren albisteen berri jakiten dute egunero. "Galdetzen digu ea nola doan guztia, zertan aldatu den egoera; interesa erakusten du kanpoan gertatzen ari denari buruz. Halaber, badakite han barruan baino hobeto ez direla inon egongo, seguru sentitzen dira eta behar duten guztia daukate", azpimarratu du.

Amak lasaitasuna transmititzen diola azaldu du eskoriatzarrak. "Gutaz arduratuago daude haien buruaz baino. Beti galdetzen digu ea ondo gauden, eta guk galdetzen diogunean, beti erantzuten digu oso ondo dagoela; irribarre batekin, gainera".

Senideek, alde batetik, egoera "larritasun puntu batekin" bizi dutela onartu du. "Ezin gara berarekin egon, ezin dugu ukitu, besarkatu, musukatu, eta abar. Baina, beste alde batetik, bera ondo dagoela ikusten dugunean, lasaitu egiten gara. Egunero berarekin hitz egin ahal izatea lasaigarria da eta kasu positiborik ez dagoela jakiteak ere lasaitzen gaitu".

Orain, bideo deien bitartez komunikatzen dira. "Asko entretenitzen dira, grazia egiten dit. Oso ondo pasatzen dute, eta horrek balio du. 88 urte ditu eta teknologia berriekin ez dago ohituta. Baina ilusio handia egiten dio, adibidez, nire semea ikusten duenean. Ezohiko egoera honek gauza politak ere ematen dizkizu", gehitu du.

Fuensi de Frutos: "Ondo informatuta nago, lasai"

Fuensi De Frutos oñatiarraren amak bost urte daramatza San Martin egoitzan eta, oraingoz, behintzat, lasai dagoela onartu du. "Gure amak burua ez dauka ondo, baina egoitzatik ematen diguten informazioa fidagarria da. Guztiak ondo daudela esaten digute, eta horrek lasaitzen nau. Egunero deitzen dugu egoitzara, nire ahizpak egun batean eta nik bestean, eta gure amaren berri ematen digute hango langileek. Gainera, gura badugu, egunean behin baino gehiagotan deitzeko aukera ematen digute. Informatuta sentitzen gara, eta gertuko tratua daukagu egoitzako langileekin".

Astelehenetan, bideo dei bat egiten dute, eta psikologoarekin edota dinamizatzailearekin egoten dira. "Berarekin apur bat hitz egiteko aukera izaten dugu, baina ez digu gauza askorik esaten. Agian, berarentzat aurpegi ezagunak garen arren, ez gaitu ezagutzen. Hala ere, musuak bidaltzen dizkigu, eta gu gustura geratzen gara berak lehengo moduan jarraitzen duela ikusita", gaineratu du De Frutosek.

Amaia Beitia: "Mila esker langile guztiei"

Amaia Beitia osintxuarra Gasteizen bizi da eta izeba, amaren ahizpa, Eskoriatzako Jose Arana egoitzan dauka. Aitortu du "oso gustura" daudela izeba egoitzan nola dagoen ikusita. "Familia moduan eskerrak eman behar dizkiegu Jose Aranako zaintzaile, zuzendari, psikologo, erizain eta mediku guztiei, bihotz-bihotzez. Oso ondo portatu izan dira beti gurekin, eta kasu honetan ere hala izaten ari da".

Oso egoiliar gutxi direnez, familia bat direla dio, eta oso gertuko tratua ematen dietela egoiliar guztiei. "Hango langileekin aurpegia piztu egiten zaio nire izebari, eta hori ezin hobeto zaintzen duten seinale da. Asko gustatzen zait Mireia Larrañaga zuzendariak nola daraman gestioa, eta langile guztiak oso jatorrak eta gertukoak dira. Han baino hobeto inon ere ez litzateke egongo orain".

Beitiak dio izeba ez dela kontziente kanpoan gertatzen ari den guztiarekin. "Baina nik uste dut arraroa egiten zaiola hainbeste denboran gu hara ez joatea. Atzo esan nion berari laztan handi bat emateko gogoa nuela, eta buruarekin baietz esaten zidan, onartuz moduan".

Bideo dei bidez arratsaldero egoten dira izebarekin, asteburuetan izan ezik. "Egoera xelebrea da, batez ere berarentzat. Pantaila batean ikusten gaitu eta harrituta moduan begiratzen digu. Guk, halere, oso ondo ikusten dugu, oso alai. Horrek asko lasaitzen gaitu".

Harremanak sendotzen

Leire Sanz Osakidetzako medikua da, eta Jose Arana eta San Martin egoitzetan dihardu lanean. Azaldu duenez, egoiliarrak oso babestuta daude egoitzetan. "Hasieratik hartu izan ditugu neurri zorrotzak, heldu zitzaizkigun protokoloak jarraituz. Egun batetik bestera aldaketa handiak izan genituen egoitzetan. Hasieran, bisita orduak murriztu zituzten; gero, pertsona bakarra etorri zitekeen; eta gero, bisitak erabat eten zituzten. Langileoi dagokigunez, hasieratik sarrera eta irteeretan gorputzeko tenperatura kontrolatzen dugu, erregistro bat eginez; eskuak ondo garbitzen ditugu; maskarak erabiltzen ditugu, eta abar", gaineratu du.

Osasun aldetik egoiliarrak "oso ondo" daudela nabarmendu du Sainzek. "Hala ere, animo aldetik ez horrenbeste. Senideek ezin diete bisita egin eta sumatzen dugu hainbat egoiliar triste daudela horregatik. Gainera, kanpoan zer gertatzen ari den ere ez dakite oso ondo, eta arduratuta daude".

Alazne Irazabal Mizpirualde egoitzako zuzendariak, era berean, alde positiboa topatu gura izan dio ezohiko egoera honi. "Kanpotik bisitarik ez dutenez jasotzen, egoiliarren arteko harremanak indartzen ari dira egun hauetan, eta harreman berriak ere ari dira sortzen", nabarmendu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak