Nola ari zarete bizitzen egun eta aste hauek egoitzetan?
Oso ondo gaude. Egoiliarrak oso babestuta daude egoitzetan. Hasieratik hartu izan ditugu neurri zorrotzak, heldu zitzaizkigun protokoloak jarraituz. Eskuak garbitzeko gelak, zakarrontzi bereiziak eta abar. Egun batetik bestera, aldaketa handiak izan genituen egoitzetan. Hasieran bisita orduak murriztu zituzten, gero pertsona bakarra etorri zitekeen, eta gero bisitak erabat eten zituzten. Langileok sarrera eta irteeretan gorputzeko tenperatura kontrolatzen dugu, erregistro bat egin eta abar.
Ze osasun egoera dute egoiliarrek?
Eskoriatzan zein Oñatin, kasu bakar bat ere ez daukagu. Era berean, sukarren portzentajea ere gutxitu egin da. Egoiliar askok sukarra edukitzen dute, arnas infekzioak dituztelako. Oso tipikoak dira. Hala ere, egia da horren kopurua ere gutxitu dela, beraz, ez dakit buelta etorriko den, baina printzipioz oso ondo daude guztiak. Zalantza eduki izan dugunetan, proba egin izan diegu, baina gutxi izan dira, eta guztietan negatibo eman dute. Sentsazioa da hemengoa beste errealitate bat dela kanpokoarekin alderatuta. Ondo daude, eta babestuta. Horrek esan gura du hartu ditugun neurriak eraginkorrak izaten ari direla. Kanpotik gatozenok kezka eta beldur puntu bat izaten dugu ea guk ez ote ditugun kutsatuko.
Osasun aldetik ondo daude, baina animo aldetik?
Egoera ez da erraza inorendako, eta osasun aldetik, zorionez, ondo dauden arren, animo aldetik ez horrenbeste. Senideek ezin diete bisita egin eta sumatzen dugu hainbat egoiliar triste daudela. Gainera, kanpoan zer gertatzen ari den ere ez dakite oso ondo, eta arduratuta daude.
Ohikoak baino neurri zorrotzagoak behar dira zaharren egoitza batean? Zeintzuk?
Sarrerak eta irteerak leku beretik egiten ditugu, eta langile guztien tenperatura apuntatzen dugu erregistro batean, sarrerakoa zein irteerakoa. Gero, sartu aurretik, eskuak garbitzen ditugu gel bereziekin, eta maskara kirurgikoarekin egiten dugu lan, bai nik eta baita erizain eta laguntzaileek ere. Horrek aurrean daukazuna babesten du, hau da, guk haiek ez kutsatzeko balio du. Erizainak eta nik, esaterako, kontsulta pasatzerakoan, bata kirurgiko bat erabiltzen dugu eta gero bota, solairu ezberdinetan ibiltzen garelako. Norbait kutsatu ezkero, badugu beste protokolo bat prestatuta.
Lan egiteko modua asko aldatu zaizu?
Burua ondo duen egoiliar batek barre egin zidan, nituen piurengatik. Maskara jantzita, gainera, egoiliar batzuek ez dute ulertzen esandakoa. Erabiltzen ditugun termometro eta bestelako material guztiak desinfektatu egiten ditugu aldiro, eta denbora gehiago behar izaten dugu. Horrez gain, alerta egoera handiagoan dihardugu. Norbaitek eztula egiten badu, esaterako, auskultatu egiten dugu zuzenean. Horrez gain, egunean bi bider hartzen diegu tenperatura.
Egoiliarrek ze neurri hartzen dituzte?
Eskuak maiz garbitzen dituzte eta ezin dutenei lagundu egiten diegu sarri garbitzen. Horrez gain, lehen egiten zituzten aktibitateak egoiliarren egoera kognitiboaren arabera egiten zituzten, baina orain moduluaren arabera, solairu ezberdinetako jendea ez nahasteko eta kutsatzeak ekiditeko. Autonomoak ere badaude eta Oñatin, esaterako, laugarren solairuan daude. Haiek lehenengora jaisten dira bazkaltzera, jantokira, baina distantziak mantenduz, ez dago arazorik.
Errespetatzen dituzte distantziak?
Gurpildun aulkian daudenak eta guk maneiatu ahal ditugunak distantzia batera uzten ditugu, baina ibiltzen direnen artean, ez da hain erraza. Nahiz eta behin eta berriz esaten diegun, zaila egiten zaie hori errespetatzea.