Isabel Ezenarro: "Oso ondo gaude; guztiak gu moduan egongo balira, ez litzateke albiste txarra izango"

Eneko Azurmendi 2020ko api. 3a, 15:28

Isabel Ezenarro, Mizpirualde egoitza.

Isabel Ezenarro bergararrak 92 urte ditu eta Mizpirualde egoitzako egoiliarra da. Kontatu du garai batean konfinatuta zeuden batzuei bazkaria eramatera joan ohi zirela etxera, baina onartu du honen intzidentzia askoz ere handiagoa dela orduko hura baino.

Zelakoak izaten ari dira egun/aste hauek Mizpirualde egoitzan?

Horrenbestean; ondo daramatzagu egunak, apurka-apurka. Hemen barruan ondo gaude, eta oraindik birusarengandik libre gaudela ematen du, behintzat. Kanpora irtenez gero isunak jartzen dituztela esaten dutenez, barruan gaude. Telebista ikusten dugu, pilota ere ematen dute noizean behin eta gustura ikusten dut. Horrez gain, jolas batzuk ere egiten ditugu eta entretenituta gaude. Oso ondo gaude; guztiak gure moduan egongo balira, ez litzateke albiste txarra izango.

Kanpoan gertatzen ari dena jarraitzen ari zarete? Zer iruditzen zaizu?

Egunero ikusten dugu telebista eta albistegiak ere jarraitzen ditugu. Egun guztian horrekin gaude. Hau ez da gizakiaren eskuek egindako zerbait.

Zuek ere ez zenuten halako egoerarik bizi izango inoiz, ezta?

Ez horixe. Guk bizi izan genuen antzerako kasu bat Bergaran, baztanga birusarekin. Gaixo zeudenak etxetik ezin ziren irten, eta makina bat aldiz joan ginen haien etxepera bazkaria eramatera. Otarre batean eramaten genien, baina haiek ikusi ere ez genituen egiten. Otarrea etxe atarian uzten genien eta etxera itzultzen ginen. Honek, hala ere, neurri askoz ere handiagoa du. Mundu mailako zerbait da, eta mundu guztian jendea etxetik atera gabe dago. Auskalo zerk eragingo zuen hau guztia.

"Antzerako kasu bat bizi izan genuen Bergaran, baztanga birusarekin, baina honek askoz ere neurri handiagoa du"

Beldurrik edo kezkarik baduzue? Zer komentatzen duzue zuen artean?

Kutsatzeko arriskua eduki genezake, bai, baina ez dugu horren inguruan berbarik egiten. Beldur puntu bat badaukagu, ez dakigulako nondik etorri daitekeen.

Saiatzen zarete distantziak-eta mantentzen?

Neurriak muturrera eraman gabe, baina bai. Esaten digutena egiten dugu, formal-formal. Egoera normaltasunez hartzen saiatzen gara, eta egunerokoari modu berean aurre egiten ere bai.

Zer egiten duzue egunero, nola pasatzen duzue denbora?

Aktibitateak-eta ez ditugu lehengo moduan egiten, baina egiten ditugu ekintzak. Atzo, esaterako, psikologoarekin egon ginen jolas bat egiten. Istorioak kontatzen zizkigun eta letrero batean letrak jartzen joaten zen bera, esaldiak edo hitzak osatu arte. Ia arratsalde osoa eman genuen horretan. Paseatzeko aukera ere badaukagu, hemendik irten gabe, eta horretarako ere aprobetxatzen dugu.

Senideekin egoten zara telefonoz?

Bi seme ditut. Bat Donostian bizi da eta bestea hemen, Bergaran, eta haiekin ia egunero egoten naiz telefonoz edo bideo dei bitartez. Bestalde, iloba bat Zeelanda Berrian dago, eta bideo deia egin berri dut berarekin. Ondo daudela esan zidan, oraindik ez daudela kutsatu asko han. Munduaren beste puntan egon eta elkar ikusi ahal izatea sekulako aurrerakuntza da, sinesten ere lanak ditut. Donostiako ilobekin ere bideo dei bat egingo dut, haiek ikusteko gogoz nago.

"Senideak faltan igartzen ditut, baina ez naiz larritzen, hau ez da-eta betiko izango"

Nola daramazu bisitarik ezin jaso ahal izatea? Gogorra da?

Lehen, ia egunero etortzen zen norbait bisitan, eta orain, telefonoz bakarrik egon naiteke haiekin. Baina ez zait gogorra egiten, arazo orokorra delako, guztioi eragiten diguna. Beraz, guztiok bat egiten dugu, eta eramangarriagoa da. Hori bai, senideak faltan igartzen ditut, baina ez naiz larritzen, hau ez da-eta betiko izango; lehenago edo geroago, birus honek alde egin beharko du norabait.

Eta, azkar egingo al du alde?

Ez, ez da agudo pasako. Honek guztiak bere denbora beharko du eta guk demaseko pazientzia eduki beharko dugu bien bitartean, baina pasatuko da. Hala ere, ondorio asko utziko ditu, baina guztion artean aurrera egingo dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak