Azken astea zoramena izaten ari da, ezta?
Bai; kasu positiboak igotzen ari dira, eta zoroen pare ari gara eraikina berrantolatzen. Positibo eman dutenak isolatzen saiatzen ari gara, gainontzekoekin ahalik eta kontaktu gutxien eduki dezaten. Gainera, proba gehiago egiten ari gara oraindik, badaezpada.
Kutsatu asko egon daitezke egoitzan?
Gu hasieratik ari gara sintomak dituztenak isolatzen, baina egoiliar askok ez daukate sintomarik, baina kutsatuta egon daitezke, eta gainontzekoak kutsatzen ari dira, haiek jakin gabe. Makalen daudenek, bestalde, denbora asko pasatzen dute ohean.
Egoiliarrak beldurtuta edo kezkatuta ikusten dituzu?
Esango nuke nahiko lasai daudela. Hemen heriotzarekin ohituta daude, azken finean, gauza batengatik ez bada besteagatik hiltzen direlako, eta jende nagusia delako. Heriotzaren beldur baino gehiago da ezin direla irten, eta familiaren falta nabaritzen dutela.
Zuek ze prebentzio neurri hartzen ari zarete?
Hasieran, material aldetik oso justu ibili ginen, baina orain iritsi zaizkigu eskularruak, batak, maskara kirurgikoak, eta abar; babestuago gaude.
Ohiko ekintzak etenda edukiko dituzue…
Bai, orain nahikoa lan daukagu egoera honi aurre egiten eta eraikina berrantolatzen. Familiekin bideo-deiak egiten ari gara, hori bai, eta arrakasta handia edukitzen ari da. Errefortzu bat jarri dugu horretarako. Bideo-deiek, behintzat, lasaitasuna ematen die bai senideei, eta baita egoiliarrei ere.