Euskal Inauterietako pertsonaiak eta Aldaketa Klimatikoaren gaineko mozorroak izan dira nagusi Eskoriatzan. Aretxabaletan, berriz, Zanpantzar, Santa-ageda neska-mutil, sukaldari, eta bestelako mozorroekin agertu dira haurrak familiakoen aurrean dantzatzera.
Arratsaldean ekintza gehiago
Bi herrietako ekitaldiak amaitzean, mokadutxoa jateko aprobetxatu dute dantzan aritu diren haurrek, eta Aretxabaletan, gainera, txaranga izan dute ekitaldia bukatu ostean, dantzan jarraitzeko. Hala ere, arratsaldean zenbait ekitaldi izango dira bi herrietan. Eskoriatzan, Kukumarruak aterako dira kalera, eta DJ-a ere izango da Fernando Eskoriatza plazan. Aretxabaletan, bestalde, Txin-en hileta izango da urtero legez. Zerraldoa eramango dute Santa Ageda neska-mutilek Mitarte kaletik Herriko Plazaraino, eta han, erre egingo dute.