Eusko Jaurlaritzak eta Andoaingo Udalak antolatutako Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak aurten lehen aldiz bi kategoria izan ditu. Nobedadea izan den Komunikazio saria banatu dute, eta hori Ttap aldizkari digital multimediarendako izan da, 2019an sendotze bidean emandako pausoengatik. 31. edizioaren komunikazio sariaren ataleko oinarrietan jasota dagoena aldizkariari beren-beregi egokitutako hitzak direla aipatu dute epaimahaiko kideek: "Euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailea direnek edo izan litezkeenek". Eta honako merezimenduak nabarmendu dituzte: Euskarazko lehen aldizkari digital multimedia izatea, askotarikoak biltzen dituena, formatu multimedian eta digitalera egokitzeko bidean euskarazko kazetaritzari esparru eta aukera berriak irekitzen dizkion proiektua, elkarlanari zukua ateratzen diona eta aro digitaleko esparru ugari uztartzen dituena. "Proiektu anbiziodun" horrek 2019an sendotzeko emandako pauso erabakigarriak hartu ditu kontuan epaimahaiak.
Ttap aldizkariaren zuzendari den Monika Belastegi bergararrak jaso du saria eta oso pozik azaldu da halakorik espero ez zutelako.
Finalistak honako hauek izan dira:
Korrika, 2019. urteko Korrikaren komunikazio kanpainagatik.
2019. urtean, AEK-Korrikak lau haizetara hedatutako komunikazio-kanpaina da epaimahaiak saritzeko modukotzat jo dituen hautagaietako bat. Inoizkorik eta arrakastatsuena izan da aurtengo komunikazio-kanpaina: musika-spotak egundoko oihartzuna izan du, sare-sozialek gori-gori jardun dute euskararen aldeko maratoiaren inguruan, eta hedabide tradizionaletan Korrikaren presentzia nabarmena izan da. Epaimahaiak honako ezaugarri hauek ikusi ditu komunikazio-kanpainan: inpaktu handiko jarduera komunikatiboak, kalitatezko edukiak, urrats berritzaileak formatuetan eta mezuetan, eredugarritasuna gizarte-sektore desberdinetako norbanakoak eta erakundeak erakartzeko unean, eta parte-hartze zabala eragin izana ekintza jakin baten inguruan. Arrakastaren lekuko har liteke Youtuben eskegitako bideoak ia milioi bat sarrera lortu izana.
CodeSyntax, Egunean behin jokoagatik.
Euskaratik eta euskaraz sortutako 50.000 galdera ditu egun datu-basean tribial estiloko joko honek. Haren helburua da euskara sustatzea eta euskal kultura ezagutaraztea. Aplikazioak onarpen aktibo handia izan du, eta 25.000 lagunen langa gainditzea lortu du. Euskarazko ekimen batek egunerokoan horrelako arrakasta lortzea ez da batere ohikoa. Komunikazio-esparrua aldatzera datorren tresna nagusiari (Internet eramangarria duen eskuko ordenagailu-telefonoari) modu irudimentsu eta arrakastatsuan heltzen dion proposamena da. Mugikorrarentzat egina izatean, edozein lekutatik parte har daiteke, gehienez egunean behin eta denbora mugatuan. Joko-jolasaren bitartez euskarazko erabiltzaileen komunitatea eraikitzeko tresna berria dugu CodeSyntaxek merkaturatu duen APP hau. Taldean jokatzeko aukera ematen du eta ehun talde baino gehiago dabiltza elkarrekin jokoan egunero. Hala, dagoeneko komunitate bat bildu da jokoaren inguruan, #eguneanbehin traolarekin sare sozialetan isla duena.
Oier Aranzabal, Zuzeun egindako Barruan gaude podcastagatik.
Mundu mailan podcastek izugarrizko arrakasta eta dagoeneko urte asko badituzte ere, euskaraz ez dira asko eta, nahiz eta lehenak duela urte batzuk hasi ziren, azkenaldian indarra hartzen joan dira. Epaimahaiak erabaki du saridungaien artean Oier Aranzabalen “Barruan gaude” podcasta jasotzea. Elkarrizketa podcasta da, eta badu zerbait berezi egiten duena, badu originaltasun puntua: elkarrizketagilea pertsonaiaren etxean sartzearekin elkarrizketatuaren etxean sartzen da entzulea ere. Honela, elkarrizketatua bere “txokoan” ezagutzeko aukera ematen du, elkarrizketatu eta elkarrizketatzailearen arteko harreman berezia sortuz, solasean jardunez, istorio berriak kontatuz, umoreaz baliatuz eta montajea soinu-baliabidez aberastuz.
Kazetaritza saria Kanaldudek
Bestetik, Kazetaritza saria izan da, aurreko urteetan legez, eta hori izan da Kanaldude telebistarendako. Epaimahaiak Hurbiletik saioko 2019ko uda arteko atal guztiak nabarmendu ditu: Baxenafarroako mendialdeko bailara bateko bizi-taupadatik jaiota, dinamismo handiko internet bidezko telebista da egun Kanaldude telebista, Euskal Herriko errealitate askoren irudi-unibertsoa hamaika bazterretara zabaltzen dituena. Eskualde horretako berpizte ekonomikoarekin eta kulturalarekin ere konprometitutako hedabidea da Kanaldude. Telebista-atariaren saio interesgarri eta kalitatezko batzuen artean, Hurbiletik programak taupada horietara hurbiltzen gaitu bereziki, aldi bakoitzean molde batez egindako erreportajeen bidez, beti ere tokikoa eta naziokoa den emaitza lortuz; 2019ko uda arteko ataletan bada hainbat erreportaje eredugarri, egunerokotasun handia duten gaiei buruzkoak horietako batzuk. Pantxika Maitia kazetaria igo da oholtzara saria jasotzera.
Harekin batera izan dira finalista honako hauek:
Ana Galarraga, Elhuyar aldizkariko Iraultza txikien lekukoak atalarengatik.
Zientziaren dibulgazioa protagonisten bitartez, eta elkarrizketako generoa ondo erabiliz irakurleari gerturatzea da aipatutako atalean Ana Galarragak egiten duen lan azpimarragarria. Zientzia bezain gai sakon, konplexu eta askotarikoa pertsonen bitartez humanizatu eta hurbileko egiten du autoreak, estilo erraz eta erakargarrian. Bi galderez osatutako elkarrizketen bidez (beti berberak), zientziako hamaika arlotara hurbiltzen du irakurlea. Aldi berean, zeregin bikoitza betetzen du: gurean, zientzialariak zertan ari diren dibulgatzeko zeregina eta etorkizunean zientziak zein aurkikuntza egin dezakeen ezagutarazteko zeregina.
Miel Anjel Elustondo, Berriako Zozoen elean elkarrizketa sortagatik.
2019ko abuztuaren 4tik irailaren 1erako tartean Berrian argitaraturiko bost elkarrizketako sorta honek duen kazetaritza-kalitatea, eta Miel Anjel Elustondok, bere ibilbide luzean bezala, elkarrizketa hauetan solaskideari entzuteko eta giza-istorioak islatzeko erakusten duen gaitasun handia azpimarratu nahi ditu epaimahaiak. Nabarmendu nahi du, halaber, ekarrizketaren generoa maisuki probestuz, zeresana duen adineko hainbat pertsonaren bitartez, garai eta historiaren zati batzuk egungo irakurleari patxadaz ekarri izana. Elkarrizketagileak elkarrizketatuen xalotasuna eta bizitakoaren sakontasuna bikain uztartzen ditu modu irakurterrazean, elkarrizketa-kazetaritzari eta erreportajeari ekarpen ederra eginez.
Jon Artano, EITBn, 2019. urtean Ameriketatik egindako kronika eta elkarrizketengatik.
EITBrako, telebista zein irratirako, Ameriketatik Jon Artanok egindako kronika eta elkarrizketen naturaltasuna azpimarratu nahi du epaimahaiak. Euskarri bietara ondo egokituz, kazetaritzaren oinarriak zorrotz betez, eta aldi berean hizkera freskoa erabiliz egindako lana da berea. Amerikak eta amerikarrak Euskal Herrira hurbildu dituen kazetaria da. Konflikto gunera bidalitako berriemailearen zailtasun informatiboak gainditzen ahalegindutako kazetaria dugu, dikzio indartsukoa, euskara egoki erabiltzen duena. Haren kronikek eta elkarrizketek gaia bizitzeko aukera ematen dute, bai eta gaiaren alderdi humanoaz jabetzekoa ere. Artanoren 2019ko kronika eta ekarrizketek osatzen duten kazetaritza-lana eredugarria da, konprometitua, sakona eta protagonistetara hurbiltzen dena.
Ohorezko Aipamena ere izan da. Iñaki Elorza Txapas-en ahotsa oso ezaguna izan da Euskadi Irratiko entzuleen artean. Izan ere, Elorzak urte asko eman ditu euskarazko irratigintzan eta ibilbide oparo hori aitortu nahi izan du epaimahaiak sariarekin: "Kirol-erretransmisioetan jokoaren deskripzioa maisuki egiteko abileziaz jantzia da, entzuleek ondotxo dakitenez. Bestelako ospakizunen berri ematerakoan ere, entzulea irratiari lotuta edukitzen asmatu du: horren adibide bat Sanferminetako kontakizunak dira. Ohorezko aipamen hau, beraz, urte luzetako traiektoria baten errekonozimendua eta protagonistarenganako omenaldia da".
'Ttap' sendotze bidean
Euskarazko Ttap aldizkari digital multimedia 2019an sendotu den proiektua da. Dagoeneko 100 elkarrizketa inguru jaso dituzte eta horretarako 70 kolaboratzaile inguru dituzte inguruan.
Aldizkari Digital Multimediak SL enpresa da Ttap argitaratzeaz arduratzen dena, eta honako hauek dira bazkideak: Durangaldeko Anboto, Goiena, Zumaiako Baleike, Iruñerriko Euskalerria Irratia, euskarazko tokiko hedabideak batzen dituen Tokikom bateragunea eta Kataluniako Esguard –azken hau hartu dute erreferentzia modura Ttap aldizkaria sortzeko–.