Zer da 'Ttap'?

Itziar Larrañaga Sarasola 2019ko aza. 29a, 08:44

Doako aldizkari multimedia da Ttap, eskuko telefono zein tabletan ikusteko pentsatua. Elkarrizketak dira aldizkariaren zutabe nagusia eta bideo, audio zein testu formatuan kontsumitzeko aukera eskaintzen du, erabiltzaile bakoitzaren gustu eta beharretara egokituz. Gertuko gaiak lantzen ditu kolaboratzaile sare handiarekin batera. Aldizkaria hiru bertsiotan kaleratzen da: Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa astero, eta Nafarroakoa bi astean behin.

2018ko irailaren 21ean kaleratu zen Ttap aldizkariaren lehen zenbakia Gipuzkoa eta Bizkaiko edizioetan, geroago etorri zen Nafarroakoa. Ordutik astero-astero zenbaki berri bat kaleratzen da, dagoeneko 55. zenbakia argitaratu dute. Aste honetako edizio berezia da, 54. Durangoko Azokari eskainia.

Elkarrizketa da aldizkariko atal nagusia eta bertan agertzen diren pertsonak kultura arlokoak, kirolariak, ekonomialariak, zientzialariak, osasun arlokoak, telebista aurkezleak, bertsolariak... dira. Elkarrizketaz gain, eduki aukera zabala eskaintzen du Ttapek, film eta liburu proposamenak, argazki bilduma bereziak, iritzi artikuluak, mugimendua duten iritzi ilustrazioak, moda edota teknologia tarteak...

Aldizkari Digital Multimediak SL enpresa da Ttap argitaratzeaz arduratzen dena, eta honako hauek dira bazkideak: Durangaldeko Anboto, Goiena, Zumaiako Baleike, Iruñerriko Euskalerria Irratia, euskarazko tokiko hedabideak batzen dituen Tokikom bateragunea eta Kataluniako Esguard –azken hau hartu dute erreferentzia modura Ttap aldizkaria sortzeko–.

Berritzailea eta freskoa da Ttap, edozein unetan irakurtzeko aproposa; bideoan play klikatu eta elkarrizketa luzeaz lasai gozatu edo denbora tarte laburra izanez gero, 15 minututan dena irakurri daiteke. Nahi den moduan, nahi den momentuan, eta doan.

Erabiltzaileen partetik kritikak oso positiboak dira dira, Google Play edo Apple Store-ko iruzkinak irakurtzea besterik ez dago hortaz jabetzeko.

Ttap nola deskargatu:

Aldizkaria eskuratzeko aplikazioa deskargatu behar da, doan, Apple Store edo Google Play bidez. Barikuro, zenbaki berriak, automatikoki, eskuragarri izango dituzu aplikazioan. Facebook, Twitter eta Instagram bidez ere deskarga daiteke, baita webgunetik ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak