Monika Belastegi: "Euskaraz falta zen 'Ttap' moduko produktu bat"

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 29a, 16:54

Ttap aldizkariko zuzendari Monika Belastegi bergararra oso pozik agertu da Rikardo Arregi Kazetaritza Saria irabazi izanarekin. Euskarazko komunikazioaren mundua oso bizirik eta berrikuntzan buru-belarri sartuta dagoela nabarmendu du.

Zer moduz, pozik jasotako sariarekin?
Bai, oso-oso pozik gaude. Deitu zigutenean finalistak ginela esateko, egundoko poza hartu genuen. Marka da gero, Rikardo Arregi sarietarako hautagai izatea! Baina etsipen puntu batekin ere hartu genuen berria gainerako finalisten maila ikusita. Beraz, ohore doblea da, saria jaso izana.

Nola bizi izan zenuten saria jasotzeko unea?
Urduritasunarekin eta emozioarekin. Beste edizio batzuetan irabazleak jakin izan du saria eskuratuko zuela, baina aurten ez da horrela izan, aurkezleek azken unean gutunazala ireki arte ez genekien ezer, beraz, gure izena esan zuten une hori oso polita izan zen.

Epaimahaiak, besteak beste, honako hau azpimarratu du Ttap-ez: "Euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailea izatea".

Euskarazko komunikazioaren mundua oso bizirik dago, eta berrikuntzan buru-belarri sartuta gaude denok ere, eta hori argi ikusten da Ttap-ekin batera finalista izan diren beste hiru hautagaiak ikusita. Bestalde, gaur egun gailu eramangarriak gure bizitzetan, gure egunerokoan, erabat sartuta daude; beti daramagu mugikorra aldean. Informazioa kontsumitzeko ohituretan ere eragin dute eta Ttap sustatu dugun hedabideok sasoi berri hauetara egokitu beharra ikusten genuen eta euskaraz falta zela halako produktu bat. Euskarak behar du egon eskuko telefonoetan eta tabletetan. Ikusi dugu bereziki gazteak gailu hauetan daudela eta Ttap sortu dugun enpresok ohiko hedabideak badituzte ere –papera, telebistak, irratia eta webguneak– formatu berri honek kokatzen gaitu eskuko telefonoa duten guztien eskura. 

Zer suposatzen du Ttap egiten duzuenontzat saria irabazi izanak?
Sekulako bultzada, pizgarri ederra lantalde guztiarendako. Hasierak ez dira errazak izaten, proiektu berri bat martxan jartzeak beti ekartzen ditu burukominak eta lan handia. Are gehiago Ttap-n kasuan euskarri berritzailea izanda eta lantaldea ohiko euskarrietan lan egiten ohituta egonda –papera, ikus-entzunezkoak eta sarea– bada, zentzu horretan ere erronka izan da. Baina asko ikasi dugu eta honezkero hartu dugu martxa. Dena den, plataforma honek aukera asko eskaintzen ditu eta aurrerantzean eskaintzen dituen baliabide guztiak zukutzen saiatuko gara.

Izango da berrikuntzarik aurrerantzean?
Besteak beste edukietan. Eduki mota berriak ikusten hasiko zarete laster; egunotan gabiltza beste fikzio bat prestatzen, zuzenean mugikorretik kontsumitzeko.

Eta oraindik ere Ttap ez duenarendako, nola deskarga daiteke aplikazioa?
Oso erraza da eta doakoa, gainera. ttap.eus webgunean eta iOS edo Android aplikazio dendetan deskarga daiteke. Behin deskargatuta, ostiralero-ostiralero mugikorrean jasoko du aldizkaria erabiltzaileak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak