ALBISTEAK

Altunaren, Arregiren eta Del Camporen lanak Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira Zinemaldian

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko abu. 31a, 11:05

Hamazazpi film luzek, film ertain batek eta hiru film laburrek osatuko dute 67. Donostia Zinemaldian hautatutako euskal ekoizpena. Haietako bederatzi Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira, tartean hiru zuzendari debagoiendar. Horien lanak ez ezik, Bergarako Jesus Mari Lazkanoren bat ere eskeiniko dute aurtengo Zinemaldian.

Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendutako Agur Etxebeste, Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak egidako La trinchera infinita eta Iban Del Camporen Glittering Misfits dira aurtengo Donostiako Zinemaldian emango duten Irizar saria lortzeko lehiatuko diren bederatzi filmetatik hiru. Guztira hamazazpi film luzek, film ertain batek eta hiru film laburrek osatuko dute 67. Donostia Zinemaldian hautatutako euskal ekoizpena. Sail Ofizialean, News Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta euskal zinemaren eta EITBren galetan ikusi ahal izango dira. Haietako bederatzi (hau da, munduko estreinaldia Zinemaldian izango duten film luzeak) Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira.

Agur Etxebeste. Duela 14 urte, Asier Altuna (Bergara, Gipuzkoa, 1969) eta Telmo Esnale (Zarautz, Gipuzkoa, 1967) dira zuzendariak. Laburpena: Patrizio Etxebestek alkatetza utzi beharko du osasun-arazoak direla eta. Gutxik dakite benetako zergatia, ordea: inguruko herrietan argitara atera diren ustelkeria-eskandaluek pentsarazi diote hurrena bera eror daitekeela. Eta nor hobe bera ordezkatzeko eta kontrolari eusteko, Maria Luisa emaztea baino. Baina guztia ez da lehen bezain erraza izango. Emakume loreontziak apaingarri hutsa izatea baztertuko du, eta ekinean hasiko da. Gizon kontrolatzaileak ez du kontrolatzen berak uste edo nahi beste, eta egokitu beharko du, aurrera egin. Krisi orok tirabirak eta arazoak dakartza, familiakoa, politikoa nahiz soziala izan. Baina aldaketak eta abagune handiak ere sortzen ditu. Aupa Etxebeste! (2005) filmaren sekuela. Antzezleak dira: Ramon Agirre, Elena Irureta, Paco Sagarzazu eta Iban Garate.

La trinchera infinita. Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga dira zuzendariak. Laburpena: Higiniok eta Rosak hilabete gutxi daramatzate ezkonduta, Gerra Zibila piztu eta, ondorioz, gizonaren bizitza arrisku larrian jartzen denean. Emaztearen laguntzaz, Higiniok etxean zulo bat egin eta denbora batez bertan ezkutatzea erabakiko du. Errepresaliak jasotzeko beldurrak eta elkarrenganako maitasunak 30 urtetik gora iraungo duen itxialdi batera kondenatuko dute bikotea. Antzezleak dira: Antonio de la Torre eta Belén Cuesta

Glittering Misfits Iban del Camporen (Arrasate, Gipuzkoa, 1971) lehen film luzea da. Aurrez, Kimuak-en hautatu eta Zinemaldian proiektatu ziren haren bi film labur: Dirty Martini eta Espedizio handia. Glittering Misfits-en, New Yorkeko off-off Broadwayko nightclub eta kabaretak esploratzeko bidaia batean abiatu da Dirty Martini-k zirriborratutako gaian sakontzeko.

Debagoieneko ekoizpen gehiago

Gainera, euskal ekoizpeneko bi proiektu hartuko ditu Zinemaldiak: Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan eta horietako bat Asier Altunaren Karmele hautatu dute. Bestalde, Zinemira Kimuak atalaren barruan, profesionalendako eta akreditaziodunendako bakarrik, Kimuak 2018 programako film laburren aukeraketa bilduko da. Aurten, zazpi film labur sartu dira eta horietako bat da Josu Venerok eta Jesus Mari Lazkanok zuzendutako Artiko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak