Irusoin eta Moriarti daude ekoizleen artean, eta astelehenean hasi zuten filmaketa, Huelvan. Bertan dago kokatuta Aitor Arregiren eta bere taldearen istorio berria, Espainiako gerrakoa. Beldurra du ardatz pelikulak, errepublika-zaleak izateagatik eta Francoren altxamendua gauzatuta etxetik ateratzeko beldurra; eta, bide batez, beste beldur batzuen metafora ere iradoki nahi du, Arregiren arabera. Euskal Herrian ere filmatuko dute, proiekturako baliabide ekonomikoak bertakoak ere badirelako –eta Andaluziakoak; Frantziako ekoiztetxe bat ere bada tartean–.
Filmaketaren hasiera "gogorra" eta "intentsua" izaten ari dela zioen zuzendari oñatiarrak aurreneko hiru egunen ostean, nahiz eta horrek ez dituen ezustean harrapatu. Jende askok eta arlo askotakoek osatzen dute lantaldea, eta zuzendariak dira dena koordinatzeko ardura dutenak; helburua da grabatzeko unean dena ondo atera dadila: "Egun intentsuak dira, ze egiten duzuna behin ontzat ematen baduzu, beste gauza batera zoaz eta hori horrela geratzen da; beraz, denok tentuz jokatu nahi izaten dugu, hankarik ez sartzeko". Horrek tentsio handia eragiten ei du.
Filmaketaren hasiera gogorra izaten ari da, baita ere ordu askoko jardunak izaten ari direlako, eta egunez zein gauez, gidoiak hala eskatuta, "14:00etan hasi eta 01:00ak arte, adibidez".
Lantaldean denetarikoak dituzte, batzuk euskaldunak, baina beste batzuk andaluziarrak eta zuzendariokin lehen aldiz dihardutenak. Dena dela, zentzu horretan, dena ondo doala dio Arregik. Baita aktoreekin ere; Belen Cuesta eta Antonio de la Torre dira protagonistak. Elkarrekin lehen aldiz jarduteak batzuk besteenagana eta alderantziz egokitu beharra dakar: "Oso aktore onak dira, baina orain arte ez dugu lanik egin halako aktoreekin, eta beste metodo bat dute". Lan nola egiten duten ikustea "oso polita" dela ere badio Arregik, eta "oso konprometituta" ikusten dituela baita ere. Filmaketak zortzi aste iraungo du.
Istorioari dagokionez, 1936tik 1969ra etxean ezkutatuta egon zen Higinio Blanco deituriko gizonaren kasua du oinarri, Luiso Berdejoren eta Jose Mari Goenagaren gidoiarekin. Ateak itxi eta fisikoki barruan gorde zenaren istorioarekin, psikologikoki bere baitan gotortzearen metafora ere egingo du pelikulak: "Armairutik irteteko beldurra, aldaketa bat dakarren pauso bat emateko beldurra...".