Eskoziako zine jaialdian Kimuak katalogoarekin

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko eka. 28a, 13:41

Arrasateko zinegile Iban Del Campo, Edinburgoko zine jailadian eguaztenean. Argazkia: Iban Del Campo.

Edinburgon eskaini dute, astean, Iban Del Campo arrasatearrak zuzendu duen zientzia fikziozko 'Espedizio handia' film laburra; datorren urteko Kimuak katalogoan Jesus Mari Lazkanoren Artiko eta Aitor Arregi oñatiarraren Mateoren ama izango dira.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin antolatutako programa da Kimuak, eta euskal film laburren sustapena eta banaketa ditu helburu.

Urtero egiten duten deialdian jasotako lanen artean sorta bat aukeratzen dute eta horiekin osatzen dute urteroko katalogoa. Debagoieneko sortzaile askoren lanak jaso izan dituzte dagoeneko 22 urteko ibilbidea duen ekimenean; iazkoan, Iban Del Campo Arrasateko zinegilearen Espedizio handia aukeratu zuten, eta aurtengoan, Debagoieneko beste bi ordezkari izango dira: Jesus Mari Lazkano Bergarako margolariak Josu Venero zinegilearekin eta Xabi Paya bertsolariarekin elkarlanean egin duen Artiko dokumental itxurako film laburra, batetik, eta Aitor Arregi oñatiarrak Moriarti ekoiztetxean lankide duen Jose Mari Goenagarekin egin duen Mateoren ama, bestetik.

Eskozian, hiru egunerako

Etxepare Euskal Institutuak ScotlandGoesBasque egitasmoa abiatu zuen urtarrilean, Eusko Jaurlaritzarekin; euskal musikariak izan ziren lehen bidaia hartan protagonista, eta oraingoan, euskal zinegileak joan dira; horien artean, Iban Del Campo arrasatearra.

Eguaztenean hartu zuen Eskoziarako bidea eta gaur, egubakoitza, itzuliko da etxera, Espedizio handia filma eskaini eta haren gaineko solasaldia egin ondoren. "Munduko Jaialdi zaharrena da, 70 urtetik gora ditu, eta luxua da bertan izatea. Jaialdiko zine areto nagusian egin genuen aurkezpena eta oso giro ona izan zen. Bost film labur eskaini zituzten eta horietako lau zuzendari ginen bertan. Bertsio originalean, euskaraz, erakutsi genuen, ingelesezko azpitituluekin. Ikusleei gustatu egin zitzaiela esango nuke, eta askotariko galderak egin zizkidaten gero; esaterako, artxiboko irudien erabilerari eta sormen prozesuari buruzkoak. Oso gustura nago, gozatzen. Nabari da urteetako eskarmentua dutela jaialdia antolatzen; oso handia da eta eskaintza zabala dago", kontatu du, pozik, Del Campok, Edinburgoko jaialdiaz.

30 jaialditan baino gehiago

Iazko Donostia Zinemaldian abiatu zuen Espedizio handia-k jaialdietako bira, eta, harrezkero, jaialdi askotan izan da. "Oso pertsonala da eta zalantza nuen ze harrera izango zuen, eta oso pozik nago. Gehienbat, fantasiazko zine zirkuituetan ibili da, eta, horrez gain, Estatuko jaialdiei dagokienez, adibidez, Aguilar del Campon eta Medina del Campon, eta urrian Badalonan izango da. Frantziako jaialdi batzuetan eta Hego Amerikan ere ibili da eta Eskoziakoarekin pozik baino poziago nago".

Lazkanorena eta Arregirena

Bestalde, datorren urteko Kimuak katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak aukeratu dituzte, eta, ekimenaren bultzatzaileen esanetan, sorta berriak fikzioa, zientzia-fikzioa, animazioa eta ezaugarri ezberdinetako dokumentalak jasotzen ditu.

Jesus Mari Lazkano Bergarako margolaria Artiko lanarekin estreinatuko da Kimuak-en: "2017an, AEBetako Artic Circle Fundazioak Artikora antolatu zuen espedizio batean parte hartzeko aukera izan nuen. Zientzialariak eta askotariko sortzaileak batu gintuzten belaontzi eder baten hilabetez, eta bakoitzak bere lanak zituen, nirea, hango paisaiak jasotzea izan zen; filmak hango marrazkiak eta bideoak jasotzen ditu".

Aitor Arregik badu aurrez Kimuak katalogoan lan bat, eta Jose Mari Goenagarekin batera zuzendu duen Mateoren ama izenekoa izango da sorta berrian. Fikziozko drama da eta, hain zuzen, Mariasun Pagoaga, Itziar Aizpuru, Aitziber Garmendia eta Iñigo Aranburu aktoreekin filmatu dute.

'Glittering Misfits' lan berria bidean

Film laburrak egin ditu Del Campok, eta lehen film luzea bukatzear du orain: "Orain dela hamar urte, New Yorkeko kabaret artista performer-ekin dokumental bat grabatzen hasi nintzen, eta berriz heldu diot proiektuari. Glittering Misfits du izena, eta azken hamarkadan New Yorken indarra duen arte diziplina bati buruzkoa da; oso punkak dira artista horiek. Satira politikoa eta kabareta nahasten dute".

Malagako jaialdian aurkeztu zuen zirriborroa, eta han, Cannes-koan erakusteko aukera irabazi zuen. "Zine industriako ordezkariekin egon ahal izatea aberasgarria izan zen. Edinburgora ere ekarri dut, bertako ekoiztetxeei erakusteko. Aurten estreinatzeko asmoa dut".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak