Arrasateko mugimendu kooperatibistako sortzaileetako bat, Jose Maria Ormaetxea arrasatearra hil da gaur arratsaldean, 92 urte zituela. Herenegun ospitaleratu zuten Arrasaten, pneumonia baten ondorioz.
1926ko abenduaren 23an Arrasaten jaioa, 14 urterekin sartu zen Aprendizen Eskolan eta 1941ean ezagutu zuen Jose Maria Arizmendiarrieta. 1952an, Union Cerrajeran lanean zebilela, Arrasateko Eskola Profesionalean egindako peritu kimiko ikasketak amaitu zituen Zaragozako Peritu Industrialen Eskolan azterketa egin ostean.
1956an Luis Usatorre, Jesus Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, eta Javier Ortubayrekin batera Ulgor sortu zuen; gerora Fagor Etxetresnak izango zena. Bertako lehen gerentea izan zen. 1959an Laboral Kutxako zuzendari nagusi bihurtu zen, eta postu horretan egon zen 28 urtez. 1985ean, egungo Mondragon Korporazioaren kooperatiba organoak eratzen hasi zirenen, lehen presidente izendatu zuten. 1991an, bestalde, SPRIko presidenteorde kargua hartu zuen.
2016an Arizmendiarrieta Kristau Fundazioaren sustatzaileetako bat izan zen, eta ordutik baita bertako ohorezko presidente ere.
Aitorpen ugari
Bere ibilbidean zehar egindako lanagatik hainbat aitorpen jaso zituen: besteak beste, Eusko Jaurlaritzak ematen duen 'Lan Onari' saria; eta Mondragon Unibertsitateak banatzen duen Urrezko Domina, erakundea sortzeko emandako laguntzagatik. Merkataritza Bazkundeak XX. mendeko Gipuzkoako ekonomiari ekarpen handiena egin dioten hamar enpresarien artean sartu zuen.