Jose Maria Ormaetxearen heriotzaren harira, "tristura eta minik" sakonena adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak; eta doluminak helarazi dizkie zenduaren senitarteko eta lagunei, baita mugimendu kooperatibistako kide guztiei ere.
Ormaetxeak lurraldearen "giza, ekonomia eta gizarte garapenaren alde egindako ekarpen izugarria" nabarmendu du Olanok: "Gaur egungo Gipuzkoaren eta Euskadiren garapen soziala eta ekonomikoa, gure enpresen lehiakortasuna eta gizartearen kohesioa, ezin da ulertu kooperatibek eta haiek bultzatu zituzten pertsonek egindako ekarpen itzela gabe". Diputatu nagusiak, era berean, Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren aitzindarietakoa izan zenak "balio kooperatiboekin eta gizarte aurreratu eta justu bat eraikitzeko lanarekin bizitza osoan zehar erakutsitako konpromisoa" azpimarratu du.
Omenaldia maiatzean
Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak Ormaetxeari berari eta Alfonso Gorroñogoitiari omenaldia egin zien maiatzean, eta bertan parte hartu zuen Markel Olanok.