Arrasaten, esaterako, hautesleen elkarte bat aurkezten da lehen aldiz – 2004ko herri plataforma legez kanporatuen sasoia alde batera lagata–: Arrasate Aurrera. Politika kontuetan baino gehiago, hirigintza eta Arrasateko gorabeheretan eragiteko aurkeztu dute. Eskoriatzan aurkeztuko da beste hautesle elkartea: Elizateetakoa. Hau ez da berria, ordea: auzoetakoek aurkeztu ohi duten zerrenda da.
Beste berritasun bat da Bergaran Podemos aurkeztuko dela lehen aldiz. Irabazirekin batera Elkarrekin Podemos koalizio moduan aurkezteko adostasunik lortu ez eta banatuta aurkeztuko dira, Arrasaten –hau ere berritasuna, duela lau urte banatuta aurkeztu zirelako–, Aretxabaletan eta Eskoriatzan ez bezala.
Alkate gehienak, berriro
EH Bilduk eta EAJk, eskualdeko bi alderdi nagusiek, haien alkateak jarri dituzte balioan eta kasu baten izan ezik, beste guztiek errepikatzen dute alkategai moduan hauteskundeetan. EAJren kasuan, Arrasate, Bergara, Aretxabaleta eta Eskoriatzakoek; EH Bildurenean, Antzuola, Aramaio eta Elgetakoek. Oñatin bakarrik dago aldaketa.
PPk, hiru herritan
PPk hiru herritan aurkeztu ditu zerrendak: Arrasaten, Aretxabaletan eta Aramaion. Deigarria da Aretxabaletan aurkeztu izana, duela lau urte ez zuelako aurkeztu. 2015ean, Arrasaten, Bergaran, Oñatin eta Aramaion aurkeztu zituen zerrendak.
EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk, guztietan
Gatzagako kasua alde batera lagata, EH Bildu, EAJ eta PSE-EE dira Debagoieneko gainerako zortzi herrietan zerrendak aurkeztu dituzten bakarrak. Jeltzaleek Elgetan ere bai, aurreko hauteskundeetan Gu Geu Elgeta plataformaren baitan aurkeztu ostean, beste independente batzuekin batera.
Oiarbide, Elgetan
Alkategaien artean, jeltzaleek aurpegi berri gutxi. Batetik, alkatetza duten lau herrietan, Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan, berriro errepikatzen dutelako Maria Ubarretxenak, Elena Letek, Unai Elkorok eta Joserra Zubizarretak. Bestetik, Antzuolan, ere alkategai moduan errepikatzen duelako Basilio Ormazabalek –Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko berdintasuneko zuzendaria hirugarren doa Antzuolan eta Aitor Urrutia legebiltzarkide eskoriatzarra bigarren–. Antzuolan, gainera, hiru zerrendetan, EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk, errepikatzen dute alkategaiek. Ustekabea Elgetan eman dute jeltzaleek: Aintzane Oiarbide bide azpiegituretako diputatua izango da alkategaia. Bergarako EAJren alkategaia izan zen 2011n eta lau urtez zinegotzi izan zen 2015era arte. Orain, Elgetan aurkezten da. Aramaion ere aurpegi berria: Pedro Elosegi izango da alkategaia. Berria Aramaion, baina esperientziaduna administrazioan, besteak beste, Gasteizko Udalean zinegotzia izan delako Jose Angel Cuerdarekin eta Arabako Batzar Nagusietako presidentea izana ere badelako, azken agintaldi honetan. Gasteiztarra da. Eta Oñatin ere lehen aldiz alkategai Ainhoa Galdos, nahiz eta Oñatiko Udalean zinegotzi moduan aritua izan eta baita batzarkide, Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
EH Bildu, alkatetzak berreskuratzera
EH Bildun, lau alkatetatik bakarrak ez du errepikatuko: Mikel Biainek. Zortzi urte egin ditu Oñatiko alkate eta Izaro Elorzari pasa dio lekukoa datozen hauteskundeetan ere alkatetzari eusten ahalegindu dadin, Bilduk azken bi hauteskundeak irabazi ostean. Gainerako alkateek errepikatzen dute: Beñardo Kortabarriak, Antzuolan; Lierni Altunak, Aramaion, eta Iraitz Lazkanok, Elgetan. Oñatin bezala, Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan ere alkategai berriak, kasu honetan 2015ean galdutako alkatetzak errekuperatzen saiatzeko: Arrasaten, Maider Morras, 2011-2015 agintaldian zinegotzia izana; Bergaran, Gorka Artola zinegotzia; Aretxabaletan, Ion Albizu, hau ere zinegotzia, eta Eskoriatzan, Eluska Irazu, hau berria.
Podemos eta Irabazi
Elkarrekin Podemosek, Igor Urizar aurkezten du alkategai Arrasaten; Rafa Bernal, Aretxabaletan, eta Salva Gonzalez, Eskoriatzan. Bergaran, Aiert Lizarraldek errepikatuko du Irabazirekin eta Jose Maria Sasieta izango da Podemosekoa.
Sozialistek, sei zinegotzi baino gehiago?
Sozialistek, hiru herritan errepikatzen dituzte alkategaiak: Arrasaten, Oscar Garciarekin; Aretxabaletan, Miren Lorea Lanarekin, eta Antzuolan, Miren Arrate Gallastegirekin. Hiruak ere zinegotziak gaur egun. Bergaran, Alberto Alonso izango da alkategaia; Oñatin, Aitziber Fenandez; Eskoriatzan, Anabel Legaz; Elgetan, Elias de Castro, eta Aramaion, Francisco Javier Nogales.
Sei zinegotzi lortu zituzten duela lau urte Debagoienean eta Espainiako bolada onari eutsi nahi diote maiatzeko Udal hauteskundeetan gehiago lortzeko.
Leintz Gatzagan, hauteskundeak berriro
Leintz Gatzagako kasua da deigarria. Ez da Udal hauteskunderik izango aurten, ez delako zerrendarik aurkeztu. Horrenbestez, sei hilabete barru berriro deitu beharko dituzte hauteskundeak. Inork zerrendarik aurkeztuko ez balu, Foru Aldundiak gestora bat izendatuko luke Udala gobernatzeko.
Egoera berria da, inoiz gertatu bakoa. Beste urte batzuetan herritarrez osatutako hautesle elkarte bat bat aurkeztu izan da Udala gobernatzeko. Oraingoan, inork ez du nahi izan zerrendan joan.
Juanito Bengoa alkateak zera adierazi du "Tristea da, baina horrela da. Azkenera arte isilean gorde nahi izan dugu kontua, beste alderdiren batek tentaziorik ez izateko aurkezteko, baina errealitatea horixe da: inork ez du herriaren alde Udalean lan egiteko ardurak hartu gura".