Mankomunitatearen ekimenez, eta Udal guztien babesarekin, duela hamarkada bateko helburu berberarekin dator DKS bueltan: "Debagoienean kirol esparruan lanean diharduten pertsona eta erakundeak saritzea eta publikoki errekonozitzea”. Goiena Komunikazio Taldea ere ariko da antolatzaile lanetan, eskualdeko bederatzi udalekin batera. Lehen edizio honetan, Arrasaten egingo da sari banaketa ekitaldia.
Bailara ikuspuntua duen sariketa
Ildo beretik egin du berba Mankomunitateko presidente Unai Elkorok: “Hastapenetatik bailara ikuspuntua izan dute Debagoieneko Kirol Sariek, eta kirol arloan, bailarako jendea nabarmentzea positiboa dela ikusita hasi ginen honekin lanean. Mankomunitateak Debagoieneko herriak batzen ditu, eta kirolaz harago proiektu asko ditugu herri guztiek elkarrekin. Bada, positiboa da ikustea kirol arloan ere zelan hasi diren inguruko klubak sinergiak batzen, indarra pilatzen. Adibide bi izan daitezke Gabonetako lagunarteko torneoetan ikusi ditugun Debagoieneko futbol selekzioak, bai emakumezkoetan edo baita gizonezkoen gazte mailan ere. Eta zergatik ez, kirolari horiek ekimen bateratu batean saritu?”.
Hamalau sari izango dira guztira
Ekitaldian hamalau sari emango dituzte: “Udal bakoitzak herriko kirol talde, kirolari edo eragile bat sarituko du. Udalen euren ardura izan da saritu hori aukeratzea. Ordea, sari nagusietarako, kirol teknikariz eta hainbat mediotako kazetariz osatutako epaimahaia eratu dugu, sei lagun batu gara guztira”, azaldu du Urzelaik.
Sari nagusi horiek izango dira:
- Herritarren Saria –Citroen Chapimek eta KIA Chapimek babestuta–.
- 2018ko kirol talderik onena saria –Goiena aseguru artekaritzak, eta AXA Seguros Generalesek babestuta–.
- 2018ko kirolaririk onena saria –Ekide Groupek babestuta–.
- Sari berezia –Obra Social La Caixak babestuta–.
- Goiena saria.
'Goiena.eus' atarian eman daiteke botoa
Oñatiko kirol teknikari Rosa Lasagabasterrek azaldu du herritarren sarirako epaimahaiko kideek hamar hautagai aukeratu dituztela, eta dagoeneko www.goiena.eus atarian eman daitekeela botoa. Otsailaren 8ra arte egongo da aukera botoa emateko. Hautagaiak dira:
- Markel Uriarte (Orbeako biker-a, Aretxabaleta)
- Julen Irizar (Euskadi Murias taldeko ziklista, Bergara)
- Martin Perez (Gurpildun aulkiko saskibaloi jokalaria, Eskoriatza)
- Mikel Linazisoro (Eskalatzailea, Bergara)
- Aimar Erostarbe (Aloña Mendiko txirrindularia, Oñati)
- Vanessa Gimbert (Athleticeko futbol jokalaria, Bergara)
- Garazi Estevez (Ogiberri taldeko txirrindularia, Aretxabaleta)
- Nere Arregi (Goierri-Garaia taldeko atleta, Arrasate)
- Maialen Axpe (Atletico San Sebastian taldeko atleta, Arrasate)
- Ainhoa Redin (Igerilaria, Oñati)
Botoa ematen dutenen artean Debagoieneko kiroldegi baterako urte osorako abonua zozkatuko da. Irabazleak aukeratuko du zein kiroldegitan izan nahi duen doako abonua. Zozketaren irabazlea otsailaren 11tik 17rako astean jakinaraziko da.
Kirol sarien ibilbidea
2008an Artemanen eskutik sortu ziren Debagoieneko Kirol Sariak. Orduan Goiena izan zen bidelagunetako bat, Aretxabaletako Udalaren eta beste hainbat lagunen laguntzarekin batera. Eragile horiek lau urtez antolatu zuten DKS, eta Aretxabaletan, Oñatin, Aramaion eta Elgetan egin zituzten ekitaldiak.