Lur-jausiak ibarrean, euriteen ondorioz

Josu Bilbao Atxutegi 2018ko mar. 28a, 12:55

Negu euritsua izan da aurtengoa, eta horren ondorioak bizi ahal izan dira Debagoienean azken egunotan. Izan ere, bi lur-jausi eman dira. Bat Leintz Gatzagako herritik gora Gatzagainera doan G- 3310 errepidean, eta bestea Eskoriatzan, Intxaurtxuetako zubia eta Olazarreko tunelaren artean.

Leintz Gatzagan astelehen arratsaldean gertatutako luiziaren ondorioz, errepidea itxita egon da azken bi egunotan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegiturak departamentutik azaldu duten moduan, gaur hasi dituzte lanak, eta hamar bat egun iraungo dute. Lurrak kendu dituzte dagoeneko eta lurrak eusteko maila eta buloiak erabiliko dituzte. Ondorioz, lanok egin ahal izateko errepideak guztiz itxita jarraituko du, eta Arlabango errepidea eta AP-1 autobidea erabili beharko dituzte gidariek.

Roberto Otazu Leintz Gatzagako hirigintza zinegotziak azaldu duen moduan, oraindik arriskuak jarraitzen du errepidean, lurrak erortzen jarraitzen duelako.

Eskoriatzan, bestalde, atzo goizean jausi zen lur zati garrantzitsu bat, eta ondorioz bidegorria berriro itxi behar izan dute. Bidegorrian egonkortze lanak egiten ziharduen Foru Aldundia, eta lan horiek bukatzen zebiltzala erori zen atzo lur zatia maldan behera. Diputazioko teknikariak egon ziren atzo luizia ikuskatzen eta bidegorria ixtea erabaki dute.

Maldan behera jausi daitekeen lurrak eusteko jarrita daude hormigoizko blokeak, baina ezegonkorra den ezponda behin betiko egonkortzeko lanak burutuko dituzte. Pasa den astean diputaziotik jakinarazi zenez, guztira 2.262 metro koadroko azalera egonkortuko da, ezponda eusteko horma bat jarriz. Proiektuaren aurrekontua, berriz, 471.825 eurokoa da, eta hiru hilabetetan egingo dituzte lanok. Aurrekontua, Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegitura departamenduen artean finantzatuko dute.

Lete auzorako bidea itxita

Eskoriatzan, gainera, Sorautz eta Elorreta bitarteko oinezkoen pasabidean ur-pilaketak hainbat kalte eragin ditu, eta bidea zartatu eta zulo bat eratu da. Horrela, segurtasun neurri gisa, oinezkoendako pasabide hori itxi egin dute. Teknikariak ingurua eta kalteak aztertzen ari dira eta haiek zer egin erabaki arte, bidea itxita egongo da.

Honekin batera, kanposantura, Letera edo ingurura bide horretatik joan nahi dutenek, Erañako bidea erabili beharko dute. Elorretarako autoentzako pasoa, betiko bidetik egin daiteke, itxiera gorago baitago. Datorren astean hasiko dira konponketa lanak egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak