Emakumeek lanuzteekin "planto" egin dute

Josu Bilbao Atxutegi 2018ko mar. 8a, 13:20

Martxoak 8an "emakumerik gabeko herrialdea gelditu egingo litzatekeela" aldarrikatzeko lanuzteak egin dituzte Debagoienean sektore, enpresa eta zerbitzu ezberdinetako hainbat eta hainbat emakumek. Amantalak balkoietan eskegi eta kalera irten dira emakumeak.

Sindikatu guztiek bat egin dute lanuzteekin eta hori bultzatu dute enpresatan, ikastetxeetan edota zerbitzu publikoetan. Hala ere, lanuztea egiteko orduan, enpresa bakoitzean erabaki dute nola eta zein ordutegi jarraituz egin. Horrela lanuztea egin dute batzuek, goiz osoko geldiunea beste batzuek edota egun osoko greba besteek. Herrietako leiho eta balkoietan, gainera, amantalak zintzilik jarri dituzte aldarrikapenekin bat egiteko.

Aldarrikapenak eta elkarretaratzeak ere ugari izan dira eta Arrasateko plaza, esaterako, lepo bete dute planto egin duten ehunka emakumek.

Ikastetxe gehienek bat egin dute deialdiarekin. Lanuzteak egin dituzte Aranzadi, Arizmendi eta Txantxiku ikastoletan, Elkar Hezin eta Mariaren Lagundian, eta baita Debagoieneko hainbat herri eskoletan ere, besteak beste Bergarako San Martin Agirren, Oñatiko Urgainen, Aretxabaletako Kurtzebarrin eta Aramaioko San Martinen.

Merkatari elkarteek ere bat egin dute deialdiarekin, nahiz eta komertzio bakoitzak erabaki duen lanuztea egitea ala ez. Horrela, Oñatiko Txanda elkartekoek, globo moreak jarri dituzte dendetan eta Arrasateko Ibai Artekoek, ostera, saltokiak oihal moreekin eta amantalekin apaintzeko ekimena bultzatu dute.

Eusko Jaurlaritzak bestalde, gutxieneko zerbitzuak finkatu ditu. Garraioan esaterako, %30 izango da; ospitaleetan, jaiegunetan lan egiten duten adina pertsonak egingo dute lan eta lehen mailako osasun arretan, zapatuetan adina langilek. Adineko zentroetan, ostera, langileen %70k. Ikastetxeei dagokienez, ateak zabalik izan beharko dituzte eta zuzendaritzako kide batek edota menpeko batek egon beharko du.

Aldarrikapenekin bat egiteko modu asko eta ekintza ugari izan dira goizean zehar ere. Goiena, sektore ezberdinetako hainbat protagonistarekin izan da Emakumearen Nazioarteko Eguna nola biziko duten jakiteko

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak