Beste herri askotan moduan kalera irten dira gaur hainbat elgetar Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotutako aldarrikapenei babesa ematera. Udal langileek bat egin dute lanuzte deialdiarekin eta zerbitzu gehienak eten egin dira 11:00etatik aurrera.
Ordu horretarako zegoen deituta eguneko lehenengo elkarretaratzea herrian. Arropaz, izaraz eta etxeko lan tresnaz betetako udaletxeko bakoiaren azpian egin dute kontzentrazioa. Udal langileak, Herri Eskolako irakasleak eta askotariko herritarrak elkartu dira bertan. Emakumeak izan dira gehienbat, baina baita ere gizonezko batzuk.
Argazkia Herri Eskolan
Herri Eskolan jangela zerbitzuko langile batek egin du lanuztea. Eskolak funtzionamendu normala izan da, gainerakoan. Aurreko egunetan lanketa berezia egin dute ikasleekin, eta gaur beste batzuen artean Konplizeak ditut eta... kantua abestu dute, eta talde argazki koloretsua atera dute ikasleek eta irakasleek.