Edesa Industrialek hartzekodunen lehiaketarako eskaera aurkeztu du Donostiako auzitegian

Miren Arregi 2017ko urr. 30a, 14:46

Egubakoitzean egin zuen Edesa Industrialek hartzekodunen lehiaketarako eskaera Donostiako merkataritza auzitegian. Behin eskaera aurkeztuta, hiru hileko epea zehaztu du enpresak prozesua burutzeko. Gaur, astelehena, bukatzen zen hartzekodunen konkurtsoaren aurrekora aurkezteko epea.

Edesa Industrialek ohar bidez adierazi duenez, une honetan hainbat inbertsorekin negoziazioak lotzen ari dira eta horrek aukera emango dio enpresari hartzekodunekin hitzarmen baten aurre-proposamena aurkezteko. Konfidentzialtasuna dela-eta enpresak dio ezin duela jakinarazi zeintzuk diren inbertsoreak, ezta akordioaren xehetasunak ere. Baina konfiantza osoa agertu dute enpresaren etorkizuna behin betiko konponduko duten eskaintzak aurkeztuko dituztela.

Egubakoitzean, Enpresak hartzekodunen lehiaketa aurkeztu eta berehala, LAB sindikatuak salatu zuen hartzekodunen lehiaketa aurkeztu den egun berean 141 langile kaleratu dituela Edesa Industrialek eta Geyser Gastech-ek. LABek, kaleratzeak bertan behera uzteko exijitu dio enpresari.

Sindikatuak gainera, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio enplegu suntsiketari irtenbide bat bilatu diezaion.  

Gaineratu du, Konkurtsoan sartzeak inbertsore berriak bilatzeko balio izan behar duela eta etorkizuneko proiektu bat posible izango bada, ez dela soilik gaur egun dauden langile kopuruarekin izango, baizik eta kaleratuak izan direnekin kontatuta.

Edesa Industrialeko eta Geyser Gastech filialeko enpresa batzordeak, bestetik, lan-erregulazio espedientea inpugnatuko du, negoziazio prozesuan zehar  irregulartasunak izan direla eta horregatik espedientea baliogabea dela argudiatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak