"Txantxiku ikastolak eskerrak eman dizkiete euren proiektua babestera hurreratutako guztiei eta eguna biribila izan zedin lan egin duten boluntario guztiei. Egun biribila, bikaina izan da, gaur, Oñatin, ospatu den Kilometroak jaia. Bertaratu diren milaka ikastolazalek Oñati bete dute, eta Txantxiku ikastolaren proiektuak aurrera egin dezan bultzada handia eman diote", adierazi dute.
Era berean, egun bikaina izateko osagai ugari zituela jaiak gogorarazi dute: "Askotariko kultur eta ikuskizun eskaintza, gazteentzako Erronka lehiaketa, artzain txakur txapelketa, jateko eta edateko gune ugari, jolasteko espazio handiak. Horri guztiorri eguraldi bikainak lagundu dio. Eta jendeak bikain erantzun du".
"Normaltasuna eta aparteko giroa"
Aipatzeko gertakaririk ez dela izan gaineratu dute: "Aitzitik, dena normaltasunean eta giro bikainean igaro da". Zirkulazio arazorik ere ez dela izan esan dute: "Arazo bakarra Legazpin izan da, goizean autobus zerbitzuak ez duelako behar bezala funtzionatu. Behar baino denbora gehiago zain egon behar izan dutenei barkamena eskatu diete antolatzaileek".
Oñatiko paraje ederrez gozatzeko aukera eskaini gura izan diotela bisitariari ere adierazi dute: "Zirkuituan zehar egokitutako lau guneetan jende mordoa egon da uneoro eta antolakuntzak prestatutako egitarau zabal eta askotarikoa arrakastatsua izan da. Dena espero bezala joan da eta ordutegiak errespetatu dira. Kontzertuak oso jendetsuak izan dira. Kale animazioa ere orekatua izan da, eta uneoro egon da proposamenen bat, kaleak alaitzen".
Eta datu batzuk eman gura izan dituzte: 1.600 lagun antolakuntza lanetan "urtean zehar horrenbeste landutako auzolanaren emaitza"; 180 karabanatik gora "aurreikuspen guztiak gaindituta"; 750 bizikleta unibertsitatean egokitutako aparkalekuan, "bizikletaz joateko egindako deiari sekulako erantzuna emanaz debagoiendarrek".