Aurten ere berritasunak izan ditu Kilometroak jaiaren barruan ospatzen den Ikastolen arteko Erronkak. Izan ere, antolatzaileek nabarmendu duten moduan, "lehia bigarren maila batean" utzi dute eta auzolanari eman diote lehentasuna aurtengoan. Hori dela eta, parte hartu duten Ikastola guztiak iritsi dira finalera. "Helburua zen parte-hartzaile guztiek proba guztiak egitea", diote antolatzaileek.
Gainera, gaur ospatu den Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketari ere egin dio keinu Erronkak. Goizean txapelketa egin den zelaian bertan jokatu dute finala, eta burutu beharreko bi probatako lehenak, bazuen txapelketarekin harremanik. Hala, ikasle batzuk "ardiak" izan dira, eta beste bat “artzaina”. Taldeak azken honen aginduak eta argibideak jarraitu behar izan ditu finaleko proban.
Erronka bukatuta, pozik daude antolatzaileak: "Proba guztiak oso ondo atera dira eta gainontzeko ikastoletako ikasleek oso ondo baloratu dute aurtengoa".