Elkarretaratze jendetsua Arrasaten Kataluniako atxiloketak salatzeko

Xabi Gorostidi 2017ko ira. 20a, 20:22

Herritar ugarik bat egin dute EH Bilduk egindako deialdiarekin, eta EAJko eta Baleikeko udal ordezkariak ere bertan izan dira. Bergaran, Eskoriatzan, Aretxabaletan, Oñatin, Elgetan eta Antzuolan ere egin dituzte elkarretaratzeak.

Kataluniako gertaerek kalera atera dituzte Debagoieneko herritarrak. Atzo, eguaztena, Guardia Zibilak Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzan eta gobernuaren beste hainbat gunetan miaketak egin eta hamalau kargudun atxilotu ostean, elkarretaratzeak deitu zituen EH Bilduk, eta hainbat lagunek egin zuten bat horiekin. Arrasatekoan, EAJko eta Baleikeko ordezkariak ere batu ziren kontzentraziora.

Aretxabaletako elkarretaratzean, EH Bilduko eta EAJko kideekin batera Irabaziko zinegotziak ere parte hartu zuen plazan burututako protesta ekitaldian, baita Gure Esku Dagoko herriko ordezkaritzak ere. Kataluniarekin bat egin, eta demokrazia errespetatzeko eskatu zuten, eta gauza bera egin zuten Bergaran, Oñatin, Eskoriatzan, Antzuolan eta Elgetan. Aramaion, biharko, egubakoitza, egin dute deialdia.

Gure Esku Dagok ohar bidez adierazi du kezkagarria, onartezina eta asaldagarria dela Katalunian gertatzen dabilena eta ordua dela nahikoa dela esateko. Urriaren 1eko erreferenduma Kataluniako herriaren gehiengoaren nahiari erantzuteko tresna demokratikoa dela berretsi dute ekimenetik eta euskal herritarrei eskatu diete mobilizatzeko beharraz jabetzeko.  

Oso kezkatuta agertu da Gipuzkoako diputatu nagusia ere. Markel Olanoren hitzetan, gobernu espainiarra ez da ari ematen egoerak eskatzen duen maila, eskari demokratikoei erantzun judiziala ari zaie ematen eta polizia operazioak arazoa sakontzea besterik ez du ekarriko. Ildo beretik, adierazpen instituzionala onartu dute Legebiltzarrean ere.

Debagoienera itzulita, bihar, egubakoitza, ezohiko osoko bilkurak deitu dituzte Oñatin eta Antzuolan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak