Egubakoitzean hasi eta hurrengo zapatura arte, hilaren 12ra arte, egunero izango da Bergaran zientziarekin, teknologiarekin edo berrikuntzarekin lotutako ekintzaren bat, Udalak, Laboratorium museoak, Berelan foroak eta Miguel Altunak elkarlanean antolatutako hamabostaldian.
Grabitazio uhinen gaineko hitzaldia, ziberbullyingari buruzko mahai-ingurua, ekintzailetasunari buruzko saioa, lehiakortasunaren inguruko formazioa merkatarientzat, umorezko zientzia-hitzaldia, enpresentzako barnetegi teknologikoa 4.0 industriari buruz, espalazio bidezko neutroi iturriaren Europako proiektuaren inguruko hitzaldia, gaztetxoentzako Camp teknologikoa eta kimika esperimentu tailerra eta Kimuberriko proiektu berritzaileen erakusketa jasotzen ditu egitarauak, besteren artean. Askotarikoak, askotariko publikoarentzat.
Aurtengo nobedadea, baina, Wolfram Encounter deitu dutena da, zapatu goizean hasita egingo den 28 orduko e-sports bideojoko txapelketa. Txapelketan parte hartzeko izena eman beharko da (wolframencounter@gmail.com), baina ikustera edonork joan ahal izango du. Txapelketaz gain Hackprende erakusketa, robot bat egiten ikasteko tailerra eta e-sport-ei (15:30ean, kartelean 20:00etan jarri arren) eta errealitate birtualari buruzko hitzaldiak ere izango dira, eta baita Zorman youtuber-arena ere.
Hamabostaldiaren lehen asteburua osatzeko, Wolfram Encounterrarekin batera aurkezpen berezi bat ere izango da zapatu eguerdian. Juanelo Turrianok Toledon Tajo ibaitik ura igotzeko asmatutako mekanismoaren erreplika txikia aurkeztuko dute herritar batzuek Laboratorium museoan.
Hamabostaldiaren aurkezpenean udaleko ordezkari Sabino Azkaratek parte hartzera animatu ditu herritarrak, entretenigarria eta aberasgarria izango delako bere hitzetan.