Wolfram Encounter: lehen edizioa ospatuko da

Bergarako zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldien astearen baitan, Wolfram Encounter lehen edizioa egingo da Bergaran. Azaroaren 5ean 10:00etan hasi eta azaroaren 6an 14:00etan amaituko da 28 orduko txapelketa. Aranzadiko seminarioko gimnasioan egingo da txapelketa eta bertan parte hartzeko izena eman beharko da wolframencounter@gmail.com helbidera idatzita.

Kirol elektronikoak sustatzeko eta herritarrei ezagutzera emateko antolatu dute ekimena, elkarlanean, Maijokuk, Eibarko Omnis Klubak eta udalak.

Hiru joko txapelketan

Counter Strike Global offensive, Ligue of Legend eta Hearthstone jokoetan arituko dira, eta bi partidatara jokatuko dute. Plazak mugatuak izango dira –48– eta izena eman ez duena txapelketan ez jokatu arren, bertara joan daiteke ikustera.

Iker Dominguez ekimenaren antolatzaileetako baten esanetan: "Iaz egin genuen txapelketa txiki bat jokoak ezagutzeko, eta aurten zerbait handiagoa egitea erabaki dugu, 28 orduko txapelketa, hain zuzen. Nork bere ordenagailua eraman beharko du eta argindarra eta Internet, berriz, guk jarriko dugu".

Beste hainbat ekintza

Seminarioko karpan beste hainbat ekintza izango dira jokoen txapelketaz gain. Zorman izeneko youtuber-a izango da hitzaldia ematen. "Youtuber-a da, eta bere esperientzia kontatuko digu honetaz bizi denak". Horrez gain, EA Sports-eko profesionala den Lukas Rojo ere bertan izango da. "Iaz Espainiako liga irabazi zuen League of Legend jokora jokatzen, eta hau ere bere esperientzia eta bizitza kontatzera etorriko da".
Azkenik, hitzaldiez gain, material birziklatuekin errobotak egiteko ikastaroa egongo da umeentzako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.